MOLOTOFF

«Informazio saturazioa bizi dugun honetan, sasi albiste ugari sortzen dira, jendea nahastuz»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 25a, 00:00

Boga -boga informatiboa, Molotoff Irratiko bigarren estudioan.

1987an sortu zen Hernaniko Molotoff Irrati Librea, eta hauen asmoa herritarrei informazio alternatiboa eskaintzea zen, informazioa bide ofizialetatik at landuz. 

Jatorri ofizialeko bideoa:

Hutsetik hasteak, ez du erraza izan behar… kontatu hasiera nolakoa izan zen. Nola hasi zineten proiektu honekin?  
Molotoff Irratia 1987an sortu zen. Euskal Herri osoan beste irrati libre asko sortu ziren urte horietan, esaterako, Eguzki irratia Iruñan, Ala Bedi irratia Gasteizen eta abar. 

Molotoff Irrati LIBREA, zergatik? 
Lehendabiziko galderarekin lotu­­ta, 90eko hamarkadaren erdialdera, informazioa bide ofizialetatik at landu nahi zuten zenbait talde sortu ziren, bereziki irratia tresnatzat hartuta. Hau da, informazio alternatiboa edo garai hartan kontrainformazioa esaten zitzaiona eskaini nahi zieten herritarrei. Eta Molotoffekoen asmoa ere horixe zen, eta horregatik, bere burua irrati libre gisa definitzen zuen. 
Beste euskarri batzuk ere asko erabiltzen ziren garai hartan, besteak beste, aldizkariak eta komikiak. Hernanin irratiaren aldeko apustua egin genuen, eta horrela hasi zen Molotoff. 
Musikak garrantzi berezia zuen. Hasierako programa asko musikalak ziren. Musika ezberdinak edo hernaniar askorentzat ohikoak ez zirenak eskaintzen ziren. Eta hori berria zen herrian.

Zer esango zenukete zela, besteengandik bereizteko zuen tresna? 
Guk tokiko informazioa eskaintzen genuen, Hernanikoa, bertakoa. Gertutasuna ematen genuen nolabait, Hernaniko kontu txikiak kontatzen zituen irratia ginen, herritarrentzat eskaintzen genituen albisteak, eta esan bezela, hasieran, musika.

Molotoff egunkaria sortu zenutela ere jakin dugu; zer kontatzen zenuten bertan? Irratian kontatzen ez zenuten zerbait? 
Ez zen egunkari bat  bere horretan. Fanzineak zirela esan daiteke eta oso momentu puntualetan atera genituen: San Joan Hemendik, Molotoff Press.... Ez zuen maiztasun finkorik. Momentuan irratian zegoen jende kopuruak asko baldintzatzen zituen egiten genituen jarduerak. Hau da, jende asko bazebilen martxan, gauza gehiago egiteko aukera genuen, gutxi zegoenean, gutxiago.

Zenbatek osatzen zenuten Molotoff? Zenbat lanpostu zeuden, eta zeintzuk ziren postu hauek? 
Talde eragile bat genuen eta asanbladan hartzen genituen erabakiak. Bi liberatu edukitzea lortu genuen epoka batzuetan, goizeko magazina egiteko. 
Hiru partaide mota zeuden: liberatuak, partaideak (programazioan parte hartzen zutenak) eta Molotoffeko laguntzaileak. Azken hauek irratia diruz laguntzen zuten pertsonak ziren, bono bat erosi eta diru hori Molotoffentzat izaten zen.

 

Molotoff Irratia LIBREA izateagatik, arazo edo gatazkarik izan duzue? Baietz bada, ze gertatu zen?
Berez irratia ilegala zen, baina ez genuen arazorik izan horrekin lotuta. Hasieran udaletxeko lokal batean geunden eta handik bota gintuen garai hartako alkatetzak. Hori izan zan arazo nagusia.
Bloga ere bazenuten, nola kudeatzen zenuten? 
Bloga gure atzetik etorri zirenek egin zuten, guk ez dugu horren berri, ordurako jada ez geunden Molotoffen. Guk irratia eta fanzineak sortu genituen, blogarena beranduago etorri zen. 

Bideo berria:

Egindako bideoen ideia nondik atera zenuten? Zer dela-eta, 1992tik 97ra bitartekoa? 
Ez da 1992tik 1997ra bitarteko irudien bideoa bat. 1992an bosgarren urteurrena ospatu zen eta hori ospatzeko, beste zenbait jardueraren artean, diapositiben muntaketa bat egin zen, herriko tabernetan eta beste zenbait lekutan zabaltzeko, hernaniarrek irratiaren berri izan zezaten. Bideo hau diapo muntaketa haren bertsio digitalizatua da, diapositibak eta audioa digitalizatu  eta bideo formatuan editatu ditugu, bi bertsiotan. Lehenak muntai originala errespetatzen du eta bestea formatu berriari egokitutako da, modernoagoa, erakargarriagoa izan dadin.

Kontzertuak ere eskaintzen zenituzten, jendeak hori gustuko zuen? Izan zen arrakasta handia zuen talderik Molotoffen? 
Bai eta jendearen artean oso harrera ona izaten zuten. Noski, izan ziren talde entzutetsuak gurean, hala  nola M-ak, Os Resentidos, BAP...

Noiz izan zenuten arrakasta haundiena? Eta beherakada haundiena? Zergatik badakizue? 
Etapa ezberdin asko pasa ditu irratiak, gorabehera askorekin. Hasieran Udalaren lokal batean geunden, udaletxean, bainia bertatik bota gintuzten eta irratia itxi zen, beste lokal bat lortu arte. Orduan manifestazio jendetsua egon zen herrian hori salatzeko. Bestetan barne-eztabaida gogorrek baldintzatu zuten irratiaren funtzionamendua. Gure eztabaida nagusiena irratian erabili beharreko hizkuntza zein izango zen erabakitzea izan zen. Sekzio batek euskeraren aldeko jarrera tinkoa zuen, beste batzuek jarrera epelagoa zuten euskerari dagokionez, eta horrek eztabaida eta liskar ugari ekarri zituen. Azkenean, milaka buelta eman ondoren, euskeraren aldeko apustua egin zen eta ia programazio osoa euskeraz egitea lortu zen. Arrakasta edo garaipen bat izan zen bi liberatu edukitzea eta goizero magazine bat aurrera ateratzea. Edo gauero informatibo bat egitea, hau irrati kideekin soilik. Edo urteetan zehar programazio bat aurrera ateratzea eta kolektibo kulturala bezala irautea.
Geroago beste talde batek hartu zuen irratiaren ardura eta fase horren berri ez daukagu, horiek izango ziren bloga eta hori dena martxan jarri zutenak, guk gehiago ez dakigu. 

 

Noiz izan zen Molotoffen azken eguna? Nola komunikatu zenuten? 
Gaur egun Molotoff San Joanetako txosnagatik da ezaguna. Ez dakigu garbi une hauetan zer beste martxa duten. Guk gure Molotoffeko ibilbidea aspaldi amaitu genuen. 

Esan daiteke Irrati erreibindikatiboa izan zinetela. Herritarrei zerbait helaraztekorik? 
Informazio saturazio bat bizi dugun une hauetan, kontuz ibiltzeko irakurtzen dituzten berriekin edo albisteekin. Fake news edo sasi albiste ugari sortzen dira, eta jendea nahastea besterik ez dute lortzen. Berriekin kritikoak izateko ere esango genieke. Ez sinestu irakurri, entzun, ikusi duten guztia. Lehen ez zeuden gaur adina baliabide, eta argiago bereizten ziren alderdi desberdinak, gaur egun dena oso nahasita dago. 
Ez sinetsi esaten dizuten guztia, eta ikasi kritikoak izaten!  

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!