Udaleko mikrokredituez gaur alkatea, Finantza Etikoen Foroan

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 22a, 15:07

Finantza Etiko eta Alternatiboen Foro Birtuala antolatu du Finantzaz Haratago sareak. Gaur, 17:00etan hasita, besteak beste, Xabier Lertxundi alkateak hartuko du parte, Udaleko mikrokredituez hitz egiteko.

Lau egunetako Finantza Etiko eta Alternatiboen Foro Birtuala antolatu du Finantzaz Haratago, Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sareak. Gaurkoa, hirugarren eguna izango da, eta 17:00etatik 19:00etarako tartean lau gonbidatuk hartuko dute parte, tartean, Xabier Lertxundi alkateak.

Hernaniko alkateak Udaleko mikrokredituen inguruan hitz egingo du. Bestalde, parte hartuko dute, baita ere, Estefanía Rodriguez, Heloísa Primavera eta Elena Novillok. Hurrenez hurren, hitz egingo dute Nortlan, Euskadiko aurreneko artekaritza-aseguru etiko eta solidarioari buruz; banku, bitcoin, truke eta txanpon sozialen inguruan; eta migrantearen ekintzailetzaren bueltan. Moderatzailea Sebastian Gutteridge izango da.

Izen-ematea, online

Foro birtual honetan parte hartzea irekia eta doan da, baina izena eman behar da. Horretarako, Finantzaz Haratago sarearen webgunean sartu behar da.

Azken saioa biharkoa izango da. Heziketa finantzario eta kritikoko esperientziak ezagutzeko aukera izango da FETS-RedEFESeko Sofía Muñoz Fernández, Campaña Currículum Global de la Ecosoleko Claudia Álvarez, Irakaslegoako Javier Buces eta Steilaseko Beatriz Umbónekin. Joseba Larriba izango da moderatzailea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!