UDALA

Ordezkari politikoen parte-hartzea berreskuratuko da aste honetatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 22a, 00:00

Bertan behera gelditu ziren batzorde informatzaileak modu telematikoan egiten hasiko dira, denen parte-hartzea bermatzeko.

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezartzeak aldaketa batzuk ekarri zituen Udalaren ohiko jardunean. Konfinamendua ezarri zen, eta, segurtasun arauak direla medio, talde politikoen arteko bilerak modu presentzialean egitea mugatuta gelditu zen. Ondorioz, bertan behera gelditu ziren gaiak lantzen dituzten batzorde informatzaileak. Legeak aurreikusten duen moduan, alkateak bereganatu zituen ahalmen horietako batzuk, funtzionamenduan egin behar izan diren egokitzapenak gauzatzeko.

 

Hileko udalbatzarra ere egitea aurreikusten da

Bitarte horretan, Udal Gobernua, krisi egoera honetan hartzen ari ziren erabakien berri eman die oposizioko hiru taldeei.

Krisiak behartutako ezohiko egoera honen iraupena, ostera, ahalik eta laburrena izatea izan da beti Udal Gobernuaren nahia, eta, hori dela eta, batzorde informatzaileak berreskuratzeko lanean hasi zen duela pare bat aste. Beharrezko baliabide teknologikoak eskuratuta, aste honetan ohiko funtzionamendua berreskuratuko da. Hala, bihar, osteguna, Tokiko Garapeneko Batzordea eta Herritarren Zerbitzuen batzordea egingo dira, modu telematikoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!