Udala

Lorezaintzan gutxieneko zerbitzuak egingo dira osasuna bermatze aldera

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 21a, 00:00

Lorategietako belarrak eta zuhaitzek hazten jarraitzen dute eta gutxieneko zerbitzua eskainiko da osasun publikoa babesteko.

Konfinamendua hasi eta gutxira, lorezaintza zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen Udalak, oinarrizko zerbitzua ez zelako. Orduan erabaki zen auzo konpostajeko etxolen garbiketa indartzea, konfinamenduaren ondorioz jende gehiago etxean egonda, inoiz baino arinago betetzen direlako. Adituen arabera, eremu hauek maizago desinfektatzea komeni da koronabirusa ez dadin zabaldu, baita bertara hurbiltzen diren herritar eta langileak babesteko ere. 

Urteko hazkunde begetatibo haundiena dagoen asteetan 

Nolanahi ere, konfinamendua luzatzen ari da, eta parke eta lorategietako belarrak eta zuhaitzek hazten jarraitzen dute. Gainera, urteko hazkunde begetatibo haundieneko asteetan sartzen ari gara, eta hazkunde hori areagotuko da datozen asteotan. Hori herriko kaleetako osasun eta garbiketa arazo bilaka daiteke laster. Horretaz gain, ondasun diren eremu berdeak ere degradatu daitezke denbora luzean uzten badira. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak jartzea erabaki du Udalak. Osasun publikoa bermatzeko asmoz egingo diren gutxieneko lan hauek langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko araudia zorrotz aplikatuta egingo dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!