Udala

«Oraingoz ezin da deialdirik kaleratu» dio Koro Etxeberriak

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 21a, 00:00

Auzo elkarteentzako eta kultura jarduetarako dirulaguntza deialdia ez da argitaratuko egoera bere onera etorri arte. 

Kultura Saila 2020ko kultura jarduetarako eta auzo elkarteentzako dirulaguntzak argitaratzeko prestatzen ari zen, baina COVID-19 dela eta alarma ezarri zuten eta deialdi hori bertan behera uztea erabaki du. 

Koro Etxeberriak, kultur zinegotziak, kultur eragileei zein auzo elkarteei gutun bat bidali die erabaki horren zergatiak azaltzeko. «Uste dugu, kultur jarduerak, festak, ekimen kulturalak..., hau da, jendea biltzeko aukera noiz izango den jakin arte ezin dela deialdirik kaleratu. Alde batetik, momentu honetan inork ezin duelako aurreikusi aurtengo programa, egitasmo, proiektuak, egutegia, etab., eta, bestetik, prozedura administratibo guztiak etenda daudelako. Bestetik, gerta liteke egoera honek behar berriak sortzea eta horren ondorioz dirulaguntzen oinarriak aldatu behar izatea», azaldu du Etxeberriak. 

Era berean, eragile guzti horiei jakinarazi die, ekarpenik egin nahi izanez gero, atea zabalik dutela. Eta itxaropen mezu batekin amaitu du gutuna: «Izango dugu aukera Hernani kulturaz blai egiteko eta elkarrekin auzo eta herriko festetan disfrutatzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!