Etxealditik Euskaraldira hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta ekiteko bideratu den ekimena atzo jarri zen martxan eta Hernanik ere bat egin du ekimen honekin. Konfinamenduaren egoera berezi honetan etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbidapena luzatu da.
Ekimenari orain bi aldi nagusi geratzen zaizkio bideoz atzo egin zen aurkezpena eta gero: norberak bere eremu hurbilean dituen hizkuntza portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.
Ekimenak iraun bitartean, goizero Euskaraldiko Facebook, Instagram eta Twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan, eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratu eta parte hartzeko pausuak eta jarraibideak.
Ostiraletik egunero ideia bat kaleratuko da
Gaurtik eta ostegunera arte, apirilak 23ra, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da, «norekin eta nola hitz egiten dugun, eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuz».
Azkenik, ostiraletik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia proposamen kaleratuko dira. «Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea». Azaldu dute, bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea dela ekimen honen asmoa, «ez dugu inor estutu nahi, aukera eman besterik ez». Ekimena, maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da, eta honen inguruan, azalpenak, hilaren 30ean emango ditu Euskaraldiak.
Sortutako bideoak eta argazkiak sareetara igotzea animatzen da
Euskaraldiak, dei egiten die herritarrei, «ekimena bere egitera eta parte aktiboa» izatera. Horretarako, sare sozialen bidez, zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte noski.
Herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatzen da, aukera honi helduz gero, bereziki garrantzitsua da @euskaraldia aipamena egitea, eta ekimeneko traola erabiltzea #EtxealditikEuskaraldira, «honela guztiok guztion berri izango dugu». Hortaz gain, etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaideei, «ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide moduan».