1980ko apirilaren 19ko goizaldean tirokatu eta hil zuten, bere etxera iristear zela, Felipe Sagarna Zapa hernaniarra. Gaur beteko dira 40 urte, baina ondo gogoan ditu garai haiek, Joakin Ortega Canariok. Biak izan ziren Incansables txarangaren sortzaile.
«Estatu terrorismoaren biktima izan zen Zapa. Lagun batzuekin afaldu ondoren, etxera bueltan zetozen, eta susmoa zuten, kotxe bat segika zutela, Urnietatik Hernanira. Kotxetik etxeko portalera 100 metro zituen, eta orduan jaso zituen tiroak», gogoratu du Canariok.
«Bere ametsa balitz bezala gozatzen zuen Zapak, Incansables txarangan danborra jotzen. Maliziarik gabeko gizona zen, maitatua, herrian oso ezaguna, eta ezagutzen zuen edonork badaki oraindik, nolakoa zen. Eta erderaz modu kolokialean esaten den bezala, sin comerlo ni beberlo, bere etxeko atarian erailda bukatu zuen», salatu du Joakin Ortegak.
«Txarangarekin jarraitzea erabaki genuen, baina sekulako beldurrarekin»
Canariok berak kontatu du, handik egun batzuetara bildu zirela txarangako kideak, erabakitzeko jarraituko ote zuten: «taldeko pare bat kidek utzi egin zuten, beldurrez, normala zen bezala. Jendeak jarraitzera animatzen gintuen kalean, baina pentsatzen dut beste aldetik errazago ikusten direla gauzak. Jarraitzea erabaki genuen, baina sekulako beldurra pasa genuen, hilabetetan. Urtebeteko epean, zazpi pertsona hil zituzten Hernaniko inguruetan. Komunikabideetako mehatxuek aditzera ematen zuten jende ezagunaren kontra atentatuko zutela, eta Hernani zen aukeratutako herria. Eta garai hartan, gurea zen txaranga ezagunena, eta kide hernaniar bakarra ni. Beldurrak akabatzen ateratzen ginen jotzera, goizaldean bueltatzen ginelako etxera, eta beti uste genuen kotxe bat genuela segika. Ziurrenik, ez zen ustea bakarrik izango».
«Maliziarik gabeko gizona zen, maitatua, herrian oso ezaguna, eta ezagutzen zuen edonork badaki oraindik, nolakoa
zen 'Zapa'»
Zaparen azkeneko hamarkada «oso gertutik» bizi izan zuen Canariok, eta azaldu du, bestelako gertakaririk ere izan zuela: «1976ko Urte Zahar Egunean, festa bat antolatu zuten Transpacarren lokalean, eta bertan jo genuen Incansablesekoek, beste talde batekin. Jotzen hasi eta gutxira agertu zen Guardia Zibila, ikurriñaren bat zegoelako, eta modu txarrean hustu zuten lokala. Denak kalean geundela, Zapak gogoratu zuen barruan ahaztu zuela izeba Juanitak (Juana Agerrezabalaga, Oialumekoa) egindako jertsea. Barrura ez bueltatzea gomendatu zioten, baina sartu egin zen, eta atera zenean, Guardia Zibil batek gomazko pelota batekin egin zion tiro, pare bat metrora. Ipurdian eragin zion zauria hainbat aldizkaritan argitaratu zen. Hurrengo egunean nire etxera azaldu zen, amak sendatzeko, eta zauriak inpresio haundia egiten zuen. Askotan etortzen zen gure etxera, eta kasualitatez, gaur bere izena daramakien karkaban dago».
Hain justu, Atzietatik Kale Nagusira Kaxkoa zeharkatzen duen kalea da, gaur egun, Felipe Sagarna Zapa Kalea.
'Zapa' izenarekin, kalejira eta abesti bana 'Canario'k
Felipe Sagarna hil zuten urtean bertan, bi pieza eskaini zizkion Joakin Ortega Canariok, lagunari: «aurrena, Zapa izeneko kalejira edo martxa idatzi nuen, hainbeste txarangak jo dutena. Eta ondoren, izen bereko abesti bat, Diamantes musika taldearen berbena bakoitzaren bukaeran jotzen genuena, Luis Gardek eta biok».
«Abesti horri moldaketa bat egin, eta abesbatza, txistulari eta trikitilariekin prestatzea proposatu zidan Zipri Otxandorenak, Hernaniko Musika Bandako zuzendariak, 2010eko San Joanetako Preludioan jotzeko, 30garren urteurrenean. Nire bi alabek ere parte hartu zuten, Joanak pianoan eta Ainarak abesten; eta eguraldi txarragatik bertan behera geratu bazen ere, hurrengo urtean Atsegindegin egin genuen, Incansables txarangarekin ere parte hartu genuen kontzertu batean. Azken batean, Zaparen txaranga zen».
1970eko udaran sortu zuten txaranga, bost lagunek: Zapak danborra jotzen zuen, Canariok saxofoia, Jesus Mari Zalakain Pipas villabonatarrak bonbardinoa, Jose Francisco Esnaola Paotxa tolosarrak tronboia, eta Txomin Castro Sietemesino villabonatarrak tronpeta.
Hortaz, aurtengo udaran beteko da mende erdia, 50 urte, Incansables txarangak aurreneko doinuak jo zituela, Ergobiako festetan.
'Heriotzaren Triangelua' dokumentala, garai hartako erailketei buruz
Zaparen erailketak zalaparta eragin zuen Hernanin. Komertzioak itxi zituzten, ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren, eta trenbidea eta errepideak eten zituzten. Apirilaren 19an bertan, arratsaldeko aurreneko orduetan, Felipe Sagarnaren hilkutxa hartuta zeharkatu zituzten Hernaniko kaleak, milaka herritarrek; eta udaletxeko pleno aretoan egon zen bere gorpua. Hurrengo egunean egin zuten hileta jendetsua.
Erailketaren egiletza aldarrikatu zuen Batallon Vasco Español izenekoak, eta gerora, 1981eko martxoan, Ladislao Zabala eta Ignacio Iturbide atxilotu zituzten, zazpi erailketa leporatuta, tartean Zaparena. 1985ean, 231 urteko kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Gorenak, baina 20 urte baino gutxiago egin zituzten kartzelan.
2015ean, Heriotzaren Triangelua dokumentala osatu zuten Imanol Laburuk eta Jose Mari Salinasek, Zabala eta Iturbidek egindako erailketen inguruan. Hernani, Astigarraga, Andoain eta Urnietak osatzen dute heriotzaren triangelu hori, lau herriotan gertatu baitziren erailketak, 1979 eta 1981 artean: Zapa, Migel Mari Arbelaitz eta Luis Mari Elizondo, Hernanin; Jose Ramon Ansa eta Xabier Ansa, Andoainen; Tomas Alba, Astigarragan; eta Joaquin Antimasbere, Urnietan.