Futbola

Juanbau Ayerbe eta Fertxo Cuestarekin gaur, Txantxillako garaiei buruz

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 15a, 00:00
Txantxillako futbol zelaian jokatzen zituzten partiduak, garai batean. Argazkia: CD Hernaniren fototeka

Hirugarren emanaldia izango du 20:00etan, CD Hernaniren 'Gure artean ibiliak' saioak. Zuzenean ikusi daiteke: 'twitch.tv/cdhernani'.

Konfinamendua arintzeko asmoz, makina bat egitasmo jarri ditu martxan CD Hernanik, azkeneko asteotan. Eta horietako bat da Gure artean ibiliak saioa. Hirugarren emanaldia egingo dute gaur, eta zuzenean ikusi ahal izango da, taldeak Twitch sare sozialean daukan kanalean: twitch.tv/cdhernani. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta oraingoan, aspaldiko garaietara egingo dute atzera, bi gonbidatu bereziren eskutik: Juanbau Ayerbe eta Fertxo Cuesta.

Garrantzia haundiko jokalariak izan ziren biak, klubean, eta urte asko eman zituzten bertan jokatzen, baita gertaera garrantzitsuak bizitu ere: Txantxillatik Zubipera mugitu zirenekoa, bigarren B mailara igoera... Cuestak Txantxillan jokatu zuen soilik, eta bigarren B mailara igo ziren urtea izan zuen azkenekoa. Gerora, entrenatzaile aritu da klubean. Ayerbek, berriz, Txantxilla eta Zubipe, biak ezagutu ditu, eta bigarren B maila ere. Bigarren A mailan ere jokatutakoa da bera, Eibarren.

 

Garbiñe Etxeberriarena eta Gorka Kijerarena, ikusgai

Beste bi saio egin dituzte orain arte, bi protagonista ezagunekin: Gorka Kijera Mirandeseko kapitaina, eta Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria. Zu­zenean egin zituzten horiek ere, baina ikusgai daude YouTuben, Gure artean ibiliak bilatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!