HEZIKETA

«Emozioa baimentzeak laguntzen du bere bidea egin dezan, eta beste emozio-egoera batera joaten»

Nerea Mendizabal hezitzaileak, hitzaldia eskainiko du gaur 18:30etan.

Nerea Mendizabal hezitzaileak 18:30etako hitzaldian azalduko du konfinamenduak haurrei nola eragiten dien. Galderak egin ahal izango zaizkio. Jarraitzeko: https://www.youtube.com/watch?v=M7-iIM1o7AQ

Konfinamendurako neurriak hartzean, animaliak bai, baina askok salatu dute haurrak ez direla kontuan hartu.

Atentzioa eman zigun neurriak; zakurrak bai, eta haurrei aipamenik ez. Elikatzea beharrezkoa zaigu gizakiei. Hori bermatzeko arrisku batzuk hartzen ari gara enkarguetara ateratzean. Eta haurrek, garapenerako, badituzte beste behar batzuk, aintzat hartzea gustatuko litzaizkidakeenak: mugimendu askea, aire librea...

 

Modurik badago behar horiek asetzeko, osasun publikoa arriskuan jarri  gabe?

Asko aztertu gabe, badakit beste herrialde batzuetan egin dela. Boteprontoan etortzen zait bakoitzaren bizitokitik gertu gutxieneko irteerak antolatzea, distantziak zainduz, kontaktua saihestuz, erosketak egitera joatean egiten dugun bezala. Edo komunitarioak diren espazioetan antolatzea. Ikusi dugu toki horietara atera eta norbaitek salatzea. Bestalde, txunditu nau egun hauetan atera den sormenak. Horrek ere, irtenbideak topatzen lagundu dezake.

 

Baina, azkenean, etxean egon behar. Zein eragin dauka ume eta familiengan?

Zaila egiten zait orokorrean hitz egitea. Horrelako estres egoera bati aurre egiteko norberak eduki ditzakeen jarrerak oso desberdinak dira. Baldintzak ere bai:batzuk metro karratu gutxitan egon behar dute, heldu batekin, eta hau, beharbada, etxetik lanean ari dela. Beste batzuk terraza dute, helduak eskuragarri... Familia batetik bestera alde handia dago. Gainera, desbedina da haurren adinaren arabera ere. Batzuetzat erraza da etxean egotea, eta beste batzuentzat, kanpoan ibiltzera ohituta daudenentzat, ez- Zaila da eragina zein den zehaztea.

 

Hain zuzen, badira alderdi positiboa ikusi dutenak: etxean goxo familian egoteko aukera.

Bat egiten dut horrekin, guztiz. Askori erritmoa jaisteko balio izan die, hausnartzeko, sormena pizteko, familiako konexioak pizteko, etxean eta gure barneko etxean egoteko, hartu nahi dugun bidea zein den argitzeko, egunerokotasunean egin ezin genituenak egiteko... Uste dut hain bistakoa dena kentzen zaigunean baloratzen dugula kendutako hori. Gauza hauetaz konturatzea betegarria da batzuentzat. Bere ekarpena egiten du, nahiz eta denoi gustatu askatasunean bizitzea.

 

Aldiz, badira baliabide eskasak dituzten familiak, tratu txarrak bizi dituztenak... Zein eragin izan dezake hauengan? Jarraipenik egiten al zaie?

Pentsatzen dut lehendik jarraipena egiten zitzaien familiekin jarraitzen dela. Prebentzio mailan aritzen naiz ni, eta eskolako guraso horiekin jarraitzen dut  bide horretan. Baina ez dira egoera larrian daudenak. Iruditzen zait laguntza behar duenak eskatu egin beharko duela, ez baita orain kanpotik iritsiko. Familia desberdinetan desesperazio, gatazka, haserre eta urrutiratze egoerak izango dira, eta etorkizunean eragina izango du. Honekin zer egin erabakitzeak markatuko du ondorena. Familia eta bikote harremanetan ere izango du eragina. Esango nuke, orokorrean, gatazka eta banaketa horiek txarra bailiran hartzen ditugula, baina esan nahi nuke deserosotasun hauek, muturreko egoerak bizitzera bultzatzen gaituztenak, ez direla txarrak. Eraman gaitzake gure bizitza eta harremanekin zein bide hartu nahi dugun erabakitzera. Askotan, muturreko egoera hauek bizi arte ez gara martxan jartzen. Ez da erosoa, baina lagundu dezake hobetzeko bide bat hartzen. Itxaropen horrek lagundu dezake.

 

Zein jarrera hartu daitezke etxean?

Kexaka aritu nahiteke, neurriak hartu dituztenak kritikatzen edo falta zaidan horretan arreta jartzen. Edo beste jarrera bat da begiratzea zein ikasgai atera nahi dugun. Kanpotik datorren erabaki honek gelditzera eraman gaitu, eta horri esker, sormena etorri da. Bizitzen ari garen egoera honetara egokitzen laguntzen ari zaigu hori, bizi duguna jasangarriago egiten, eta etorkizunean etorriko den egoerara egokitzeko malgutasuna izaten ere laguntzen ari zaigu. Esango nuke, orokorrean, haurrak uste genuena baino hobeto ari direla moldatzen. Desberdintasunak badira. Adinaren arabera ere, batzuei oso zaila egiten zaie ulertzea. Baina helduen segurtasuna sentitzea ezinbestekoa duten garai hauetan, interesgarria da, baita ere, gurasoak nola prestatu gaitezen koktel emozional honen aurrean, gu ere hor harrapatuta baikaude.

 

Zer egin daiteke estres egoera horien aurrean?

Egoera azaldu daiteke, umeen adinera eta ulermen gaitasunera egokituta. Eta gero, bai helduek eta bai haurrek sentitzen ditugun antsietate edo frustrazioak, desatseginak egiten zaizkigun sentsazioak dauzkagunean, ohitura dugu emozio horiek ezabatzeko, eta antsietateak, urduritasunak, haserreak, funtzio bat betetzen dute. Iruditzen zait hau baimendu eta entzuteak, zeharkatzeak lagunduko lukeela. Batzuek hasieran sentitu dute, beste batzuk orain. Berdin du noiz gertatzen den. Gertatzen denean, emozio hauek baimendu, entzun eta zeharkatzea da bide bat. Tapoia jartzen badiegu, barruan geratzen dira, eta kanporatzen baditugu, laguntzen du emozioak bere bidea egin dezan, eta beste emozio-egoera batera joaten. Onartu eta deskargarako moduak bilatu ditzakegu: mugimenduak, saltoak, kolpeak, edo marrazkiak, plastilina lantzea, dantza... Egunerokotasunean sartu ditzakegun moduak. Bakoitzak bila ditzala motibagarriak zaizkiok ekintzak: meditazioa, ariketa, musika, sukaldean aritzea...

 

Eskolako lan gehiegi ere badituztela kexatu dira zenbait.

Denoi etorri zaigu egoera gainera. Irakasleak ere ahaleginean ari dira. Lan gutxiegi bidaliz gero, haurrak atzeratuta geratuko direla, eta bestela, gehiegi dela. Gainera, teknologia berrietara egokitu beharra. Hau guztia familietara dijoa, eta gurasoak, tokatu dena bizitzeaz gain, irakasle bihurtu gara. Eta batzuk, seme-alaba batena baino gehaigorena. Estres haundia sortzen du. Esango nuke urakan honen erdian, biziraupenerako garaia dela, eta horrelakoetan, lehentasunak jartzea interesgarria dela denok salbu egoteko, baita emozionalki ere. Lehentasun horietan sartzen da onartzea garai honek ekonomikoki eta osasunean eragina izango duela, eta baita akademikoki ere. Orain oporrak datoz. Eskolarako lagungarri izan daitekeen zerbait egiteko modua bilatuz gero, motibagarria, ondo. Baina ez bada horrela, utzi. Izan ere, guraso eta seme-alaben arteko harremanean eragina dauka, eta lehentasuna emango nioke horri, garapen akademikoaren aurretik.

 

Itxialdia luza eta luza ari da, ordea. Nola egokitu gaitezke?

Helburua bada hau ahalik eta azkarren pasatzea, zain egongo naiz, eta bukaezina bihurtu daiteke. Beste modu bat izan daiteke egoera esperimentatzea, bizitzen ari garen honetara ireki eta egokitzea. Atera ditzakedan ikasgaiei ahalik eta zuku gehien ateratzea. Uste dut segurtasuna edukitzen ikasi dugula dena kontrolpean edukita, eta badirudi bizitza etorri zaigula esanez ezetz. Iraganean edo etorkizunari begira jarraituz gero, oraina ez dugu biziko.

 

Noizbait bukatuko da, hala ere! Zein ondorio utzi ditzake haur eta familiengan?

Ez naiz hausartzen esatera. Amakomunean daukaguna da etxetik atera gabe gaudela, baina egonaldia nola daramagun desberdina da. Egoera bizitzeko daukagun moduak markatuko ditu ondorioak. Denontzako galdera izan daiteke: gertatzen ari zaidanarekin, zer ari naiz ikasten? Konbentzituta nago gelditzeak eta bakoitza gure haitzuloan sartzeak indartuta ateraraziko gaituela, eta ez bada horrela, izango dira horretarako aukera gehiago, bizitzak jarriko dizkigunak.