Artista eta sortzaileak lanean, baita ere etxean

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 5a, 00:00

Ilustratzaile, idazle eta musikariek ahal duten heinean segitzen dute lanean.

Emanaldi, aurkezpen eta ekitaldi guztiak bertan behera geratu diren honetan, itxialdiari modu desberdinean erantzuten saiatzen ari dira sortzaileak. 

Langile sektore osoari ari zaio eragiten Koronabirusaren zabalpenari frenoa jartzeko ezarritako berrogeialdia. Zer esanik ez, artista eta sortzaileei. Askok, aurreikusita zituzten emanaldi eta aurkezpenak bertan behera utzi behar izan dituzte, eta ez dakite lanik izango ote duten datozen hilabeteetan, ezta, ondorioz, batere diru-sarrerarik ere. Egoerari, hala ere, aurre egin behar, eta bide desberdinak hautatu dituzte.

'Arraroa' liburua Axpik, egun hauetarako gomendio
Egunkarietarako lanean ari da Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea, egun hauetan. Nire amama umea da, ni bezala ipuina ere argitaratu berri du Alaine Agirrerekin, baina aurkezpen ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten martxoaren 14an.

Dena den, liburua eskuratzeko aukera izanez gero, gozatzeko gomendioa egin du. Berdin, Arraroa ipuinarekin, «egun hauetarako ezin aproposagoa». Paula Estevezekin batera argitaratu zuen duela bi urte, Etxepare Sariaren bitartez. «Etxeak eta bizilagunek protagonismoa dute bertan. Entretenigarria da, eta zer pentsatua ematen du, bizilagunen inguruan hausnartzeko aukera, zein aurreiritzi izaten ditugun konturatzeko».

Bi lan berri, Sainz de Murietak
Hernanin bizi den Iñaki Sainz de Murieta idazle donostiarrak, berriz, bi lan argitaratu ditu.

Batetik, Verbum argitaletxeak kaleratu berri duen Mitos y Leyendas de Europa antologian hartu du parte Fuenterrabía, tierra de vikingos ipuinarekin, 2019ko Haur eta Gazteen Verbum Saria irabazi zuelako. Ahozkotasunean eta folklorean oinarritutako leienda bilduma da. 

Bestetik, argitaletxe berarekin El ocaso mexica - Moctezuma Xocoyotzin argitaratu berri du, bere aurreneko komikia, eta salgai dago.

Ainara Ortega, birala
Ni, munduko txarrena antzerkia estreinatu berri, bertan behera geratu zaizkio emanaldiak Ainara Ortega Barrenetxea aktore eta musikariari. Baina etxetik ari da, adibidez, Euskadi Irratiarekin musikari buruzko hainbat irratsaiotan kolaboratzen. 

Sortzeari ere ez dio utzi, eta berezkoa duen umore ukitu garratzari uko egin gabe, garai hauetarako  ironia eta kritikaz betetako kantua egin du, Youtuben ikusgai: Beira, biral!  

Maite Larburu, aukerez
Musikaria da Maite Larburu, eta berak ere etxean geratu besterik ez du. Baina berrogeialdia arintzeko kantua egin du, animoak emateko eta egoera honetan, gauza berriak sentitzeko gonbidapena luzatuz.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!