Nerabeak

Jokozaletasuna, alkohola eta drogak, puntu gorriak nerabeen arrisku joeretan

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 4a, 00:00
Mugikorrarekin ere, posible da apustuak egitea, dagoeneko.

Hernaniko nerabeen arrisku faktoreak azaleratu zituen martxoan, Etorkintza Elkargoaren ikerketa batek; eta bi arrisku multzo nagusiei buruz aritu da Kronika, bi aditurekin.

Jokozaletasuna batetik, eta alkohola eta drogak bestetik, dira Hernaniko nerabeek dituzten arrisku nagusietako bi. Hala azaleratu du Etorkintza Elkargoak, herriko 12-17 urte bitarteko gazteen arrisku jarreren inguruan ikerketa egin ondoren. Joan den urtean zehar egin zuten ikerketa, Hernaniko Udalak eskatuta; eta martxoan eman dituzte aditzera emaitzak.

Bost arlo nagusi aztertu zituzten ikerketan: aisialdi ohiturak; substantzien kontsumoa; internet, sare sozialak eta bideojokoak; ausazko jokoak edo apustuak; eta harreman interpertsonalak. Horretarako, Hernaniko ikastetxeetako 432 nerabek erantzun zuten inkesta; eta hiru eztabaida saio ere antolatu zituzten, 19 neraberekin.

Ikerketako datuetatik, zenbait ondorio nagusi eman zituen aditzera Etorkintzak. Esaterako, adingabeek «eskuragarritasuna eta erraztasuna» dutela «substantzia ezberdinak kontsumitzeko, alkohola adibidez; eta apustuan aritzeko». Horregatik dio, «eskaintzaren kontrolean» lanean jarraitu behar dela, «aktuazio-protokoloak zehaztuz, indarrean dagoen lege-araudia betearazten dela ziurtatuz, eta herrian ekintza ezberdinak antolatzen direnean, inplikatutako sail, erakunde eta talde guztien artean koordinazioa eta koherentzia bermatuz». Hori lortzeko, «administrazioaren eta herritarren benetako inplikazioa» beharrezkoa dela uste du.

Substantzia batzuen kontsumoa, normalizatuta
Ikerketak gaineratzen du, gizartean badagoela «kontsumo batzuen normalizazioa. Batez ere kannabisarena aipatzen da, baina alkoholarena ere oso hedatuta dago, eta gazteek alkohola kontsumitzeko dituzten eredu batzuek kezka eragiten dute». Zentzu horretan, Etorkintzak dio normalizazio hori dela «substantzia horien arrisku pertzepzio baxuaren ondorio», eta egokia litzatekela «gizartea orokorrean eta familia bereziki», arlo horretan informatzea eta sentsibilitzatzea.

Ausazko jokoei dagokienean, ikerketako datuek diote nerabeen %28ak egin duela noizbait apusturik. Kirol apustuetan aritu dira bereziki: %24ak egin du horrelako apusturik, azkeneko urtean; %10ak, bost aldiz baino gehiago. Edozein kasutan, sexuaren arabera, oso nabarmenak dira aldeak: mutilen %42,4ak egin du apusturik noizbait, eta nesketan, %14ak soilik. Alde hori, gainera, nabarmenagoa da adinean aurrera egin ahala, 14 urtetik aurrera.

Substantzien kontsumoari dagokionez, berriz, makina bat datu eman ditu aditzera ikerketak. Alkoholaren inguruan, dio %71k edan duela alkohola noizbait, eta horien artean, gehiengoak 12 eta 14 urte bitartean edan zuen aurrenekoz (mutilen %66,41 eta nesken %83,46).

Inoiz mozkortu ote diren ere galdetu zieten nerabe guztiei: %3,53ak dio astero edo ia astero mozkortzen dela, %34,41ak noizbait mozkortu dela, eta %62a inoiz ez. Mozkortu direnen artean, 13-15 adin tartean egin dute gehienek (mutilen %71,4 eta nesken %81,4).

Alkohola lortzeko moduak ere eman ditu aditzera ikerketak: %29,2ak zuzenean erosten du, %15ak senideren baten bitartez, eta %34,1ak 18 urtetik gorako beste norbaiten bitartez. Gehienek supermerkatu (%36,9) edo tabernetan (%28,8) erosten dute. Tabakoari helduta, %68,8ak ez du inoiz erre, eta %22,5ak behin edo bitan bakarrik. Egunero erretzen dutenak, hala ere, %4,5 dira; eta astero edo ia astero erretzen dutenak beste %4,2. Noizbait erre dutenen artean, mutil gehienek 12-14 urterekin erre zuten aurreneko zigarroa (%66,66), eta neska gehienek 13- 15 urterekin (%76,69).

Kannabisaren inguruan ere galdetu zitzaien, eta %72,5ak inoiz kontsumitu ez badu ere, azkeneko hilabetean %5,4ak kontsumitu zuen egunero, eta %4,7ak asteburuetan. Kannabisa probatu duten mutil gehienek, 13-15 urte bitartean kontsumitu zuten aurrenekoz (%78,6); eta nesketan, bereziki 14 eta 15 urterekin (%69,6). Kontsumitzen dutenei, nola lortzen duten galdetu zieten, eta %16,8ak zuzenean eskuratzen du, erabilera pertsonaleko laborantzan.

Aipatutako arriskuei buruz gehiago jakiteko, bi aditurekin hitz egin du Kronikak: jokozaletasuna eta nerabeen arteko harremana aztertu du Karmele Gurrutxagak, Jokalari Anonimoen Elkarteko psikologoak; eta alkoholaren eta drogen arriskuei buruz aritu da Lukene Lizaso, AGIPADeko (Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkartea) prebentzio teknikaria.

 

Karmele Gurrutxaga - Jokalari anonimoak

«Apustuak online egiteko erraztasuna askoz ere haundiagoa da, eta gure gazteek inoiz ez bezalako trebezia digitala dute»


Psikologoa da Karmele Gurrutxaga, Hernaniko Jokalari Anonimoak elkartean. Jokozaletasuna duten gazteekin ere egiten du lan, bertan.

Adin guztietako herritarrekin egiten duzue lan, Jokalari Anonimoak elkartean? Zein da ohiko perfila?
Berez, joko-mendekotasunaren bariante ezberdindei lekua egiten zaie. Duela 16 urte Elkartean hasi nintzenean, perfil ohikoena zen gizonezkoa, 50-54 urte ingurukoa, makina txanpon- -jaleetan harrapatua, eta tabernetan aritzen zena. Ordutik nabarmen aldatu da hau guztia; hein handi batean, adina gero eta gazteagoa da, eta zailtasun handiena: kirol-apustuen zabalkundea han-hemen eskura dugu, eta online apustuen eskuragarritasunak mendekotasun efektua areagotzen du.

Euren borondatez bada, adin guztietatako kideak ongietorriak dira Elkartean; 18-19 urteko kaltetuak baditugu, eta 70 urte ingurukoak ere. Gazteenak, batzuetan gurasoek behartuta agertzen dira, eta gerora, helduagoak diren heinean, betirako gaixotasuna dela jabeturik, eramangarri egiteko laguntza beharrean joaten dira askotan.

Hernaniko nerabeen %27,9ak egin du noizbait apusturik, edo aritu da auskazko jokoetan. Datu kezkagarria da hori?
Uste dut benetan kezkagarria dela, bai. 12 urte ingurukoetan gutxik jokatu izango du agian, baina adinak aurrera egin ahala, gogo edo bulkada indartzen joatea, hori bera, nahiko adierazgarria da; eta hala gertatzen da tamalez. Lehen esan bezala, kirol-apustuak burutzeko gonbidapenak ugariak dira. Adin txikikoak izanik ere, gogoa pizteko estrategikoki prestatuta daude. Online burutzeko erraztasuna askoz handiagoa da. Gure gazteek inoiz ez bezalako trebezia digitala dute. Mundu hau arakatzeko hainbat web orrialde, foro eta abar ikusiko bagenitu, dirurik ez dugunean ere, forman mantentzeko, probak egiteko... irabazirik gabeko apustuak egitera animatzen gaituzte; bulkada-zomorroa adi mantentzeko, nolabait.

Honekin batera, apustuak, ustezko kirol jarduera osasuntsuekin eta lehiaren emozioarekin lotzera gonbidatzen dute enpresa-eragileek; lagun-arteko pozarekin, diru gutxirekin asko lortu daitekeenaren irudipena sustatu nahi da. Ondorioz, joku mota hori normaltzen da, eta talde-aisialdi jarduera bat bilakatzen delarik, arriskuen atzematea galtzen goaz; gazteenen artean bereziki.

17 urtekoen artean, mutil guztiek onartu dute apusturik egin izana. Zenbaterainoko larria da datua? Eta 12 urterekin dagoeneko %25ak baino gehiagok apusturik egin izana, neska zein mutiletan?
Uste dut benetan larria dela 17 urtekoen kopuru hau; hasiera batean, ezin esan guztiak ludopata bihurtuko direnik, baina interes edo motibazio orokorra egoteak arriskuaren atzematea estaltzen du, esan bezala. Adin horretan dirua mugatuagoa denez, askotan taldekako jokoa burutzen da. Nerabezaro aldian, taldearen aurrean norbait izateak indar handia du, esaterako, alkoholaren esperientziak, edo lehen zigarroak eta porroak probatzerakoan bezala. Gutxienez, besteen modura aritzea eskatzen du talde-dinamikak; eta besteen gainetik apustuen errege azaltzearen sedukzioa ere tentagarria da askotan.

12 urtekoen kasuan, seguruenik mugikor bidez burutuko ziren gehienak. Adin-txikikoen debekua dela eta, ustezko kontrola eta segurtasun mugak jartzen direnaren itxura egiten dute web orrialdi askok; baina baldintzak erraz saihesten dira. Sare bidezko erosketa arruntek, gako eta muga gehiago jartzen dituzte, apustuak egiteko baino.

Sexuaren arabera aldea dago: neskek apustu gutxiago egiten dute. Zergatik da hori?
Alde batetik, apustuak eta ausazko joko gehienak kirolarekin lotuta egoteak, mutilenganako joera nabarmentzen du. Hala ere, normalean neskek interes gutxiago azaltzen dute jolas hauekiko. Egia da kirola ere feminizatzen ari dela, zorionez, baina ludopatiaren elikagaia ez da kirol-praktika bera, esparru profesionalean mugitzen den fenomenoa baizik. Diru asko irabazten duten kirolari horiekin identifikatzeko ametsa sustatu nahiko balitz bezala.

Kirol apustuak dira ohikoenak. Normalizatuta daude? Zer egin daiteke horren aurrean?
Taldeka dirua elkartu eta apustu txikiak eginaz irabazi errazak eskuratzearen fantasia elkarren artean elikatzen da. Zenbaitetan gurasoek horren kezka adierazitakoan, guztiek jokatzen dutela argudiatzen da, hain zuzen zirrarazko denborapasa modura ikusten dutelako. Izan ere, nork ez du dirua behar? Erraza da adin horretan, sarean harrapatuta gelditzea. Hausnartzeko eta bulkadari eusteko aukera galtzen da zurrunbiloan sartzen direnean. Apustu eta joko ezberdinen programak, kalean dauden lokalak... norbere buruaren kontrola galtzeko prestatuta daude; erabakiak pentsatu ordez, bulkadarekin bat egiteko. Horregatik, arazoaren sentsibilizazioa beharrezkoa da. Nerabeek euren burua kontrolatzeko zailtasunak dituzten arren, euren artean elkarri gogorarazteko ahalegina sustatu behar da. Honekin batera, funtsezkoa da etxean, gurasoen aldetik, diruaren erabileraren nolabaiteko jarraipena egotea.

18 urtetik aurrera joko erregularrean murgiltzen diren askok, etxe giroko kontrol edo babes eza aitortzen dute; nolabait, familia-harremana, edo lagunarte osasuntsu baten giroaren faltan, barne hutsunea, diru-erraza lortu eta makina gainditzearen zirrararekin ordezkatzen da.

Zenbat eta bizi-ohitura orekatuagoak, ikasketa, aisialdi espazio baikorrak, kirola edo bestelako jarduera egituratuak, identidadea finkatzeko baliagarriak dira; eta ihes egiteko, edo barne-hutsunea betetzeko beharra ez da hainbestekoa. Izan ere, eragileak ugariak izan badaitezke, oro har mendekotasun oro nahigabetik ihes egiteko estrategia da.

 

Lukene Lizaso - AGIPAD

«Nerabeen kontsumoak normaltzat ikusten ditugun bitartean, zaila izango da inertzia hau aldatzea»


Prebentzio teknikaria da Lukene Lizaso, AGIPAD elkartean. Nerabeek drogekin duten harremanaren arriskuak azaldu ditu.

Hernaniko nerabeen arrisku jarreren azterketak dio, %71k probatu duela alkohola, nahiz eta %53ak behin edo bitan besterik ez duen edan. Zer erakusten dute datu horiek?
Hernaniko nerabeen azterketak adierazi dituen datuak, orokorrean Euskal Autonomia Erkidegoko datuen antzekoak dira, puntu batzuk gora behera.

Alkohola da gure artean droga kontsumituena, eta hori, adin txikikoen artean ere, helduok egiten ditugun kontsumoen islada da. Gainera, ez dugu ahaztu behar Hernaniko herriak berezitasun bat ere baduela: sagardotegi garaian, astebururo dago jaia, eta honek asko errazten du adin txikikoen kontsumoa. Baina ezin diogu horri bakarrik begiratu, gure gizartearen festa eta jai eredua drogen kontsumoekin zuzenki erlazionatuta dagoelako.

Alkohola 12-14 urterekin probatu dute gehienek, eta 13-15 urterekin mozkortu dira aurrenekoz. Ohiko datuak dira?
Alkoholaren kontsumo hastapena 13,2 urtetan dago finkatuta; DBH2-3ko ikasleez ari gara. Lehen mozkorraldia 14,3 urterekin ematen da EAEn. Beraz, Hernaniko datuak bat datoz inguruko herri eta probintziekin.

Hori bai, kontuan hartu beharreko datuak dira; ikustera ohituta gauden datuak izateak, ez dakar garrantzia gutxiago ematea edota ardura kentzea. Arriskutsuak ez diren kontsumoak egiten dituztela iruditzen zaie, gizarteak babesten dituelako. «Mundu guztiak edaten du» bezalako esaldiak entzutera ohituta gaude, eta hori horrela den bitartean eta nerabeen kontsumoak normaltzat ikusten ditugun bitartean, zaila izango da inertzia hau aldatzea.

Erraztasunak dauzkate, alkohola kontsumitzeko?
Alkohola lortzeko zailtasun gutxi izaten dituzte; normalean beraiek erosten dute, eta arazoren bat izanez gero, 18 urte baino gehiago dituztenek erosteko inongo arazorik ez daukate, gizarte bezala adin txikikoen kontsumoa onartuz. Hala ere, ez dugu ahaztu behar, supermerkatutan erosten duten adin gabekoak badirela; baina gure kasuan, tabernetan egiten diren kontsumoak ere hor daude, nahiz eta legeak debekatu. Gizarteak errazten du adin txikikoen kontsumoa, egin beharreko zerbait dela iruditzen zaigulako, «denerako baitago adina, eta orain egiten ez badu noiz egingo du?». Gainera, neska eta mutilek egiten dituzten kontsumoek zenbaki antzekoak dituzte; generoa ez da babes faktorea.

Tabakoa, berriz, nerabeen %31k probatu du; eta asko dira egunero erretzen dutenak: 15 urtekoetan %10ak, eta 16 urtekoetan %15ak.
Tabakoarekin berdin gertatzen da. Badirudi datu hauek azaltzean, orduan arduratzen garela daukagun errealitateaz, baina egoera nahiko antzekoa da azken urteetan; gainera, datuek beheranzko bidea hartu dute. Tabakoaren kontsumoaren ondorioak, denok ezagutzen ditugu: biriketako gaitzat, eztarrikoak… Baina adin txikikoen kontsumoaren ondorioak bortitzagoak dira adinez nagusikoenak baino, adin txikikoak egiten ari diren gorputzak direlako. Bulnerabilitate haundiagoa daukate, ondorioetan pentsatzeko gaitasun gutxiago, kontrol gaitasun gutxiago… Zaurgarriagoak dira.

Eta kannabisari buruz, zer?
Tabakoaz eta alkoholaz jardun dugu, eta ez dugu ahaztu behar, kannabisa dela droga ilegalen artean kontsumituena eta arrisku pertzepzio bajuenetakoa duena. Eta zenbat eta arrisku pertzepzio bajuagoa, kontsumoak areagotu ohi dira. Oso onartuta daukagun substantzia bat da, eta nerabeek hori badakite, antzeman eta ikusi egiten dutelako. Hori horrela, helduok eredu garen heinean, guri begira daude, guk egiten dugunaz ikasten. Bataz bestekoak dio 14,41 urterekin hasten direla kannabisa kontsumitzen. Egia da gehiengoak probatu eta ez duela berriz ere kontsumitzen; %3,3a da egunerokoan kontsumitzen hasten dena.

Gero eta gazteago kontsumitzen hasten direla iruditzen zaigu, baina datuek ez diote hori, adina ere atzeratzen dijoala baizik. Adin tarteak azken urteetan mantendu egin dira, 13 eta 15 urte bitartean hasten dira probatzen eta kontsumitzen, nerabezaroan, kuriositatearekin eta heldu izan nahi horrekin.

Zer egin daiteke?
Helduak eredu gara, eta hori garbi eduki behar dugu. Gizarte bezala, gure aisialdi eredua jarraitzen dute. Ikastetxeetan lanketak egiten dira, kalean eta lokaletan ere bai, eta udaletxea ere inplikatuta dago. Eskuhartze komunitario bat izan behar dugu, denok ildo berean jarraitu, eta indar berezia egin hezkuntzan; baina ez ikastetxeetan, etxeetan erakusten dugun horretan baizik, heziketako partaide diren agente guztiak inplikatuz. Etxean gaiaz hitz egin, eta gai tabu izateari uzten dionean, lasaiago hitz egingo digute seme- -alabek, dituzten galderak lasai eginez. Mito pila bat dituen gaia da, eta mitoak arriskutsu izan daitezke, normalean bakoitzak nahi duenari edota interesatzen zaion teoriari heltzen baitio, eta hori bilakatzen du bere egia.

Heziketan dago gakoa, eta horren ardura denona da: familia, ikastetxe, aisialdi talde, begirale, entrenatzaile… Haietako edonor izan daiteke prebentzio agente, eta eredu izateak izugarrizko garrantzia dauka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!