Sormena eta bideogintza, online egiteko tailerretan

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 1a, 00:00

Sormen tailer feminista eta InShot eta SnapSpeed aplikazioei buruzkoak dituzte aukeran, 12 eta 17 urte arteko gazteek.

Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak hiru ikastaro online eta doan egiteko aukera jarri du, 12 eta 17 urte bitartekoentzat. Bata, Etxetik sortu ginenekoa izeneko sormen tailerra izango da, feminismoetatik begiratuta, eta besteak, mugikorrarekin bideoak sortu eta editatzen ikastekoa eta argazkiak editatzekoa.

Izena etzira arte, sormen tailerrean

Aukeran jarritako tailerretan aurrenekoa, Etxetik sortu ginenekoa, sormen tailer feminista izango da. Apirilaren 6, 7, 8 eta 9an emango du Uxue Bereziartua hernaniarrak, 11:00etatik 13:00etara online eta doan. Baina plazak mugatuak dira, eta izena apirilaren 3ra arte eman daiteke, labur.eus/LNZjv helbidean jarri duten formularioa beteta.

Ikastaroan erabiliko den materiala «etxean duguna» izango dela aurreratu dute: orriak, koloretako arkatz eta errotulagailuak, arkatz arruntak, boligrafoak...

Oraingoan ikastaroa 12 eta 15 urteko gazteei zuzendutakoa izango da, baina 16 urtetik gora izan eta ikastaroan interesa izanez gero, @GaztetuHernani twi- tter kontuan ikastaro honen berri ematen duen txioari 'atsegin dut' emateko gomendatu dute, aurrerago eskainiko dutelako.

Bideoak eta argazkiak editatzen, mugikorrarekin

Hurrengo bi ikastaroak TaPuntu kooperatibako Arkaitz Sukuntzak emango ditu, 12 eta 17 urte artekoei zuzenduta, eta biak, mugikorrarekin egitekoak izango dira. Apirilaren 14 eta 15ean, 10:00etatik 12:00etara, mugikorrarekin bideoak sortu eta editatzen ikasteko, InShot aplikazioarekin. Apirilaren 16 eta 17an, berriz, SnapSpeed aplikazioarekin argazkiak editatzen ikasteko.

Hauetarako izena ere online eman behar da: labur.eus/Cevrc.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!