Udala

Alarma egoeran, Udalak ez du ez tasarik ez zergarik kobratuko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 29a, 00:00

Ikastaroetan ez da kobraketa berririk egingo.

Eman ezin diren zerbitzuetako kuotak ez dira kobratuko edo itzuliko dira itxita egon den denboraren proportzioan.

COVID-19 dela eta ezarri den konfinamenduak ondorioak izaten ari da hainbat arlotan. Alde batetik, udal eraikin asko itxi behar izan dira eta, hortaz, Udalak eskaini ohi dituen zerbitzu batzuk bertan behera gelditu dira. Beste alde batetik, konfinamendu hau familia batzuen egoera ekonomikoan kalte haundiak eragiten ari da. Hori dela eta, Udalak aldaketa batzuk egingo ditu udal tasen eta zergen kobraketan kalteak murrizteko asmoz. 

Udal tasak eta zergak 
Udala egutegi fiskal berri bat prestatzen ari da epe berriak egoera honetara egokitzeko. Alarma egoerak irauten duen epean, ez da zerga/tasa kobraketarik egingo. Ibilgailuen Zerga, apirilaren 6rako ordaindu behar zena, irailera atzeratuko da. Ogasun Higiezinen Gaineko Zerga-OHZren kobraketa maiatza eta uztailera bitartean bideratu ohi dena, urrira arte atzeratuko da.

Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak 
Alarma egoera dela eta etenda geratu diren zerbitzuetan ez da ordainagiririk igorriko, egoera horrek dirauen bitartean: kiroldegia, Biteriko tailerrak eta jangela zerbitzua.

Urte osoko beste zerbitzuetan 
Kiroldegiko ikastaroak: martxoko ikastaroak martxoaren 5ean kobratu ziren. Ez da kobraketa berririk egingo, eta ikastaroak berriz hastean itxialdiko epearen deskontua egingo da. 
Kiroldegiko abonoak: martxoan berritzekoak ziren abonuen kobraketa bertan behera gelditu da eta horrela egiten jarraituko da egoera bere onera itzuli arte. Azpiegiturak irekitzen direnean, abonua duten pertsonek luzatu ahalko dute abonuaren iraupena gehiago ordaindu gabe.
Biteriko ikastaroak: martxoko kobraketa ez da egingo. Ikastaroak berriro martxan jarriko balira, orduan egingo litzateke dagokion kobraketa.
Jangela: martxoari dagokiona ez da kobratu. Hurrengo ordainketa bideratzean erregularizatuko da.
Lurzoruaren okupazioa: Feria: bigarren hiruhilekoa maiatzean kobratzen da. Itxita egon diren ostegunak deskontatuko dira, azokan egon ez diren postuei. Tabernetako mahaiak: aurtengoa ez da oraindik kobratu. Urteko likidazioa prestatzen denean itxialdiko epea deskontatu eta kobratu beharrekoa berkalkulatuko da.
Bilketa exekutiboaren eta enbargo prozedurak geldiarazi dira, gutxienez maiatzaren 31 bitarte. Zatikapenen zordunketak etenda geratzen dira, bi hilabetez. Hurrengo zordunketa ekainean egingo da. Udalak krisi honetan hartu dituen neurri berezien artean dagoela hobariak haunditzea baliabide ekonomikoak murriztu zaizkien familientzat.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!