Bertsolaritza

1918ko baztangari buruz bertsoak jarri zituen Joxepa Zubeldia hernaniarra gaur, 'Hitzetik Hortzera'n

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 29a, 00:00
Joxepa Zubeldia izango da gaur 'Hitzetik Hortzera'n protagonistetako bat.

Urte horretan hasi zen gripearen pandemia Munduan zehar, baina hilabete batzuk aurretik baztangaren matxinada egon zen Hernanin. Zubeldiak bertsotan azaldu zuen istilu hura eta bertso horien inguruan ariko dira ETB1en.

Pandemia baten aurrean gauden honetan, esan aurretik ere egon direla beste batzuk are eta gogorragoak. Horrela gertatu zen, 1918 eta 1920 urte artean, historiara pasa den gaizki deitutako espainiar gripearekin. Estatu Batuetan, 1918 urteko maiatza aldera, sortu zen gripe hark milioika eta milioika pertsona hil zituen. 
Hilabete bat lehenago Hernanin baztangaren arazoa edo istilua gertatu zen. Ondorengo gripearekin zer ikusirik ez zuen gertaera, baina bai gaixotasun kutsakorren beldurrarekin lotutakoa zuzen-zuzen. 
Joxepa Zubeldia hernaniarrak bertsoak jarri zituen gertaera horren inguruan eta gaur, ETB1eko Hitzetik Hortzera bertso saioan, Isildu ez zirenak: Joxepa Zubeldia izenburupean bertsolari hernaniarraren inguruan ariko dira hizketan. Saioa 15:00etan hasiko da.
Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen Joxepa Zubeldia 1867an. Bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin sarritan jarduten zuen bertsotan etxean; eta Gabonetan eta santa eske garaian etorritako taldeekin balkoitik bertsotan aritzen zen. Bertso ugari ere idatzi zituen. Bere lagun baten baserrian pasatzen zuen tartea horretarako.

Tilosetako mahaira igota bota zituen bertsoak
Hainbat bertso idatzi zituen, baina ez ziren argitaratu eta galdu egin dira. Zubeldiaren bertso sorta bakarra gorde da, hain juxtu, baztanga zuten zenbait gaixo Her­naniko erietxera ekartzeko as­moaren aurka kaxkoko bizilagunen 1918ko matxinadari buruz idatzitakoa.
Baztangaren bertsoak Tilosetan mahaira igota kantatu omen zituen, herri bazkari batean, ekainaren 1ean. Ordurako urte horretako pandemia bereak eta bi egiten ari zen Munduan zehar. Behin baztanga zuten gaixoen afera konpondu zenean, garaipena ospatzeko egin zen bazkari herrikoian kantatu zuen xextra eta iskanbilari buruzko bertso sorta.
Kale Nagusian bizi ziren eta alabak lotsatuta egon ziren begira Tilos aldeko leihotik. Semeetako bat pilotalekuan bertan haserretu zitzaion.
Antonio Zabala bertso bil­tzaileari Beraza Andoaingo apai­zak eman zion gertaeraren berri. Honek Jose Sagarnaren aho­tik jaso zuen. Joxepa Zu­bel­dia bertsotan hasi eta Amadeo Ortiz semeak gehiago etxera ez zela joango esan zion haserre. Amadeoren andregai Josefa Sa­garnak lortu zuen haren ja­rrera aldaketa. Bertso­laria izatea ohore haundia zela aitortzeko eskatu zion, bestela ez joateko gehiago berarengana. Amadeok azkenik, negarrez onartu omen zuen andregaiarengatik joango zela amarenera eta bakeak egin zituzten ama-semeek.

'Bertso berrik andre batek jarrik'
Joxepa Zubeldiak Hernaniko ‘baztangaren matxinada’ hari buruz idatzitako bertso-sorta Berso berrik andre batek jarrik izenburuarekin argitaratu zen: Ernaniko berrik; oso arrigarrik azpititulua, 24 ber­tsoak. Josefa Zubeldia sinadura eta inprentaren erreferentzia ageri dira orrian.  
Beraz, bertso-papera Raimundo Al­tu­naren Do­nos­­tiako moldiztegian inprimatu zela badakigu, baina ez nork eta noiz enkargatu zi­tuen. Paper horri esker iritsi da gaurdaino, Joxepa Zubeldiak idatzitako bertso pilatik gorde den sorta bakarra.

Anaia ere bertsolari
Bertsoak idaztearekin batera, bapatean kantatu ere kanta­tzen zituen Joxepa Zubeldiak. Bere anaietako bat ere bertsolaria zen, Kaxiano, Portuko Egañaenea baserrikoa. 
Urtean bi aldiz balkoitik kantatzen zien errondan zetozen anaiari eta lagunei. Gainera, noizean behin Portuko anaiarengana joaten zen arreba, harekin bertsotan egitera. 
Bere anai Kaxiano Zubeldia etortzen zen beste bospasei bertsolarirekin eta soinujolearekin. Kaxiano eta lagunek koplak kantatu eta berak balkoitik erantzuten zien. Besteak aspertu eta joaten ziren arte jarraitzen zuen».. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!