Arrauna

Ez estropada eta ez traineru, baina etxean gogor lanean

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 00:00
Ohiko 'fosoa', etxeko ganbararekin aldatu dute zenbaitek, ergometroa bertan jarrita.

Arraun elkartea itxita dagoen arren, eta aurten 'Maialen' uretaratuko ez badute ere, entrenatzen jarraitzen dute, ahal bezala, Hernaniko arraunlariek: ergometroa, bizikleta, lurreko ariketak... Umoretik ere jo dute, irudimentsu. 

Herritar guztientzat bezala, ez dira garai onenak izaten ari, kirolarientzat ere; eta Hernaniko Arraun Elkartearen kasuan, lehiaketen etena eta entrenatzeko zailtasunak baino albiste txarragoak ere izan dituzte, azkeneko egunotan.­ Asteartean jakinarazi zuten, aurten ezingo dutela Maialen trainerua uretaratu, zailtasunak izan baitituzte aurrera ateratzeko.

Etxeko pasilloan ere ari dira, lurreko ariketak egiten.

Edozein kasutan, atea zabalik utzi dute, datorren urtean trainerua berreskuratzeko, eta berriro uretara ateratzeko, estropada onenetan lehiatzera. Horretarako ari dira lanean, eta hala jarraituko dute, «egun arraroak» izanda ere.

Etxetik jarraitzen dute lanean gogor, bakoitzak ahal duen moduan entrenatzen. Batzuek, arraunean aritzeko fosoa ordezkatu dute etxeko ganbararekin, sotoarekin edo trastelekuarekin, eta bertan ergometroa jarrita, jo eta su ari dira arraun egiten. Beste batzuek, ergometro faltan, bestelako ariketak egiten dituzte, egongelan, terrazan edo pasilloan jarrita. Eta bizikleta estatikoa edo rodilloa daukanak, ez du aukera galtzen pedalei eragiteko.

Etxetik atera gabe ere, gogor ari dira lanean.

Umorea ezinbesteko osagaia, garai honetan
Baina entrenamendua ez ezik, umorerik ere ez dute falta, Hernaniko Arraun Elkarteko kideek, garai honetan. Izan ere, sare sozialetan partekatu dituzte zenbaitek prestatutako entrenamendu irudimentsuak.

#hernaniarraunaetxean traola erabilita, argazki barregarriak konpartitu dituzte taldekideen artean, erronka gisa, egun arraroak elkarri alaitzeko.
Horietan, denetik ikusi ahal izan dugu. Traineruko tostaren gainean ariko balira bezala, etxeko tokirik bitxienetan prestatu dute arraunlekua: komunean exerita, fregonaren makila arraun modura hartu eta balkoiko barandillari lotuta...  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!