Errugbia

«Aurreratu egin beharko genuke eta datorren urteari begira ahalik eta erabaki onena hartu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 00:00
Juan Rodriguez Hernaniko presidentea kulbaren egoitzan.

Juan Rodriguez Hernaniko presidenteak uste du zaila dela talde guztiak asetzea, baina orain dela garaia, «hurrengo urteko lehiaketak nola antolatu behar diren erabakitzeko unea».

Ohorezko Mailako taldeek, Hernanik barne, uko egiten diote denboraldi honetan gehiago jokatzeari. Espainiako Errugbi Federazioak ohar bat igorri zuen, lehiaketarekin jarraitzeko asmoa duela adierazteko eta apirilaren 30ean horren inguruko erabaki bat hartzeko. Horren ostean, Ohorezko Mailako Errugbi Kluben Elkarte Nazionala (ANCRDH) argi eta garbi erabaki horren aurka agertu da, eta datorren denboraldira arte jarduera bertan behera uztea erabaki du.

«Zaila da», aitortu du Juanito Rodriguezek, Hernani errugbi elkarteko presidenteak. «Hainbat idatzi bidali dizkiogu Federazioari seriotasun haundiagoz jokatzeko eskatuz; behin eta berriz bildu dira, eta horrela jarraitzen dute», gehitu du. «Kasuistika zaila da», Federazioak edozein erabaki atzeratu du apirilaren 30era arte, «baina jendeak eta kirolariek ia bi hilabete daramatzate lanik gabe», dio Rodriguezek. Izan ere, ERTEak agertzen hasi dira.

Testuinguru horretan, plantilak sasoian jartzeko eta geratzen diren bost jardunaldiak jokatzeko, lehiaketa udara arte luzatuko litzateke. «Irailean
denboraldi berri bat hasten da, ia atsedenik gabe, erokeria da», uste du. Horregatik, beste herrialde batzuetan bezala, klubek «hordago» bat jaurti dute planto eginez eta gehiago jokatzeari uko eginez. «Hemen arazo potolo bat dago, eta irtenbide bat bilatu behar da», azpimarratzen du Hernaniko presidenteak.


«Hurrengo urtean Ohorezko Maila talde gehiagok osatzea da egokiena»

Tamalez, hainbat jarrera daude interes kontrajarriekin, baina inplikatutako guztiak elkar ulertzera bideratuta daude. «Liga baliogabetu nahi dutenak
ulertzen ditut, eta inor ez dadila igo edo jaitsi; eta Bigarren Mailako taldeak ere bai, borroka egin dutenak eta igotzeko sailkatu direnak». Jardunaldi bat falta da eta playoffak gehiago luzatuko lirateke, baina ez dirudi erraza izango litzatekeenik jarrera ezberdinak batu eta guztiek gustuko duten erabakia hartzea, Ohorezko B Mailako borroka zortzi klubek osatzen baitute. Ez du Hernanik justua ikusten hurrengo urtean txapelketa dagoen bezala izatea. «Ez da justua Bigarren Mailako taldeentzako. Guri mesede egingo liguke, baina hori ez da gauza. Beste bide bat aurkitu behar da».

«Gu kasik, baina ez matematikoki, behean gaude, eta bi aldeak ulertzen ditugu», hortik dator Hernaniko arduradun nagusiak mahai gainean balizko
irtenbideak jartzea. «Datorren urtean 10eko bi talde sor litezke -orain 12 dira-, Bigarren Mailako zortzi inplikatuei lekua emanez. Talde bakoitzeko lehenengo bostak Ligako playoff batean lehiatuko lirateke eta gainontzekoak jaitsiera saihesteko beste batean inplikatuko lirateke», adierazi du.

«Top 14a osatzea ona litzateke ahalik eta talde gehienak asetuz»

Beste alternatiba, Ohorezko Maila berdin-berdin geratzea litzateke eta Ohorezko B Mailako bi onenei sarrera ematea. «Top-14 batek beste lau jardunaldi gehituko lituzke», esan du. «Denak asetzea bilatu behar da», ulertzen du Rodriguezek. Kontuan hartu behar da promozioko postua ere erabakitzeko dagoela eta hiru talde daude hor borrokan. Zortzi talde daude Ohorezko Mailara igotzeko borrokan. «Egin ditzakete playoff moduko partidu bakarrera, eta bi onenak igoko lirateke».

Tituluari begira ere egin daiteke antzeko zerbait. «Lehendabiziko lauek jokatu ditzatela hiru partidu guztira. Finalerditako biak, eta finala». 


Ez dute nahi erabakia luzatzea

«Ikusten ez duguna agonia luzatzea da. Ezin gara horrela egon, zer gertatuko den jakin gabe. Zer egin behar den erabaki behar dugu denbora pasatzen utzi gabe». Horregatik, presio neurri horrek Federazioaren teilatuan jarri du pelota. «Beraiek erabaki beharko dute. Guk, erantzukizunagatik, bertan behera uztea erabaki dugu. Ez zaigu logikoa iruditzen apirilaren 30ean esatea jarraitzen den edo ez». 

Kasu horretan klubak derrigortuta egongo lirateke jokatzera edo bestela klub bakoitzak esan behar dio Federazioari ez duela nahi jokatu, ez Kluben Asoziazioak. Gainera txapelketa jokatzeari uko eginez gero bi maila galduko lituzke talde batek. «Jokatzen hasten bagara Hernaniren egoera ez litzateke txarrena izango. Talde batzuk jokalaririk gabe daude edo gutxirekin. Ciencias, Bathco, Independiente.... Jokalari asko joan egin dira.
Ohorezko Mailako klubek hiru arazo ditugu geldialdiarekin: diru galera, jokalarien falta eta osasuna lehenestea».

Erabakia Federazioan barruan dagoen Komisio Delegatuak hartuko ditu eta bertan Ohorezko Mailako taldeen ordezkaririk ez dago. «Bigarren
mailako batzuk badaude eta interes kontrajarriak. Ohorezko eta Ohorezko B mailako taldeak ez dituzte interes berdinak». 

Txapelketa maiatzean edo ekainean abiatzea berriz oso zaila ikusten du Hernaniko presidenteak. «Ez dakigu zelaiak libre egongo diren talde batzuentzako, Udalarenak direlako zelai batzuk. Eta lehen aipatu ditugun jokalarien arazoak».

Sortu den arazo honen alde txarrena, sortu den berekoikeria da Rodrigezen ustez. «Batzuen eta besteen artean deskonfiantza sortu da eta erlazioak kaxkartu dira». 

 

«Todd zelandaberritarra Hernanin ari da pasatzen isolamendua»


Manu Loket tongarra bere herrira itzuli da dagoeneko, eta Thomas Lapeyre Frantziara bueltatu da, berriro hona itzultzeko itxaropenarekin.

Hernanik arazo askorik ez luke izango lehenengo taldea osatzeko garaian, denboraldia berriz hasiko balitz maiatza edo ekainean. «Etxeko jendea
edukitzearen abantaila da hori» dio presidenteak. Hala ere, hiru atzerritar izan dituzte aurten eta beraien egoera desberdina da kasuz kasu. «Manu
Loketi Tongan dago. Baionara joan zen eta handik Iparraldean eta Frantzian jokatzen ari ziren beste jokalari ozeaniarrekin batera Tongarako bidea hartu zuen. Ez dugu Hernanin ikusiko».

Kasu desberdina bizi dute Thomar Lapeyre eta Kane Toddek. «Todd zelandaberritarra Hernanin ari da pasatzen isolamendua. Aukera eman genion bere herrialdera itzultzeko, baina esan zigun Hernanin bertan egin nahi zuela itxialdia, bertan geratu nahi zuela. Ongi egokitu da Hernanira eta
neskalaguna ere badu». Zelanda Berriko enbaxadan Londresetik Aucklandera bidai zuzena zegoela esan zioten klubari, baina «berak geratu nahi izan du. Ez omen du presarik»

Ez da Hernanin geratu, baina guztiz egokitua dagoena Thomas Lapeyre frantziarra da. «Bere herrira, Aurillacera, kotxez itzuli da, baina jokatu behar bada itzuliko dela esan digu. Klubean oso integratuta dago, baita herrian ere. Beti laguntzeko prest dago eta neskalaguna ere bertakoa duela uste dut»

Beste taldekideak etxean sartuta daude, denak bezala eta sasoia ahalik eta gutxien galtzeko ariketa taulak bidali dizkiete. Bakoitza bere aldetik ari da entrenatzen ahal duten moduan. Zelaian ezin da entrenamendurik egin eta beraz, denboraldia hasiko bada, taldeak ez dira egongo beraien
momenturik onenean. 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!