'Maialen' trainerua ez da aurten uretaratuko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 25a, 00:00

Arraun Elkarteak adierazi du ohar baten bidez «zailtasunak» izan dituztela bidean eta txalupa zintzilikatu behar izan dute.

Urte batzuk jarraian uretan ibili eta gero aurtengo udaran Maialen trainerua ez da uretaratuko eta Hernani Arraun Elkarteak erabaki du txalupa zintzilikatzea. Ohar baten bidez adierazi du klubak erabakia. «Ohar honen bidez jakinarazi nahi dizuegu, pena haundiarekin bada ere, aurten Hernaniko Arraun Elkarteak ezingo duela emakumeen trainerua uretaratu. Zailtasunak izan ditugu bidean, eta azkenean erabaki dugu onena izango dela aurtengo denboraldian ez lehiatzea. Edonola ere, lanean jarraituko dugu datorren denboraldiari begira, berriro ere traineru berdea uretan ikusteko».

 

Etxean jarraitzen dute entrenatzen datorren denboraldiari begira

Guztion moduan, egun arraroak bizitzen ari dira, koronabirusaren ondorioz. «Hala ere, gure arraunlariek etxean entrenatzen jarraitzen duten moduan, zuzendaritzakook ere lanean dihardugu, eta ahal dugun guztia egingo dugu datorren denboraldian berriro ere emakumeen trainerua osatzeko. Eskerrak eman nahi dizkizuegu bidelagun izan zaituztegun guztiei, zuen babesa eta laguntzarengatik, eta espero dugu gertatutakoa ulertuko duzuela. Aurrerantzean ere zuek gurekin lanean jarraitu nahi izatea da gure desioa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!