UDALA

Haurren kultura erdigunean jartzen duen OinHerri herri hezitzaileen sarean, Hernani

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 15a, 00:00

Asteartean sinatu zuten hitzarmena Udalak eta OinHerriko ordezkariek.

Otsaileko Plenoan aho batez onartutakoa asteartean eraman zen paperera, Hernaniko Udala eta OinHerriren arteko hitzarmenarekin.

Herri hezitzaileen Euskal Herriko sarea da OinHerri, eta pasa den astearteaz geroztik, sare horren parte da Hernani ere. Otsaileko Plenoan aho batez onartu zen bertan sartzea, eta asteartean sinatu zuten hitzarmena Xabier Lertxundi alkateak eta Joxe Mari Agirretxe, OinHerriko ordezkariak.
OinHerri herri hezitzaileak proposatzen duen eredua zazpi kontzeptutan oinarritzen da, eta haurren kultura jartzen du erdigunean.

Haurrak, euskera eta parte-hartzea, zazpi printzipoen oinarri
Sareko parte izatea onartuta, sarearen oinarri diren zazpi printzipioekiko konpromezua hartu du Hernanik: haurreran kultura aitortzea eta errespetatzea; parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskaintzea; aniztasunean berdin eta parekide izanez aritzea; ingurumenarekin bizitzen ikastea; ingurumen kulturala zaintzea; harremanetan, euskera lehenestea; eta elkarlanean aritzea eta auzolana sustatzea, komunitatean bizitzea.
Dena den, haurrak aipatzean, «jendarteko zaurgarrienez» ari direla zehaztu zuten: «etorri berriak, gazteak, emakumeak, adinduak, aniztasun psikiko edo funtzionala dutenak... hau da, pertsona guztietaz ari gara».

Hernaniko lan-taldeak, hiru zutabe
Sarearekin bat egiteak dakartzan konpromezua betetzeko, Hernaniko lan-taldeak hiru zutabe izango ditu, hitzarmenean jasotakoaren arabera: Udala, Hezkuntza eta Herrigintza. Hernanirako hainbat egitasmo proposatuko dituzte, beti, «herrian ezarritako lehentasunen arabera. Saretzeko bokazioa izango du, parte-hartze metodologiak erabiliz, parte hartzen dugun pertsona izatetik haratago, partaide izatera igarotzeko helburuarekin».
Era berean, herriko beste ekimenekin koordinatuta ariko direla ere azpimaratu zuten, «lehendik dagoena ez ordezkatzeko, ez dagoena sortzeko eta herriko bestelako prozesuak kontuan hartzeko, eta ahal dela, bateragarri edo osagarri egiteko».
Sareko parte diren herri guztietako esperientziak OinHerriren www.herrihezitzailea.eus webgunean bilduko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!