Sagastialde

«Etxebizitza hobea lortzeko tranpolina izan behar zuena, amildegirako tranpolina izan da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00

Sagastialde 19 zenbakiko 15 bizilagun ari dira borrokan, kanporatuak ez izateko.

Sagastialde 19 zenbakiko 15 bizilagun antolatzen hasi dira, duela bost urte egokitu zitzaizkien zuzkidura-bizitokiak (etxebizitza dotazionalak) utzi egin beharko dituztelako. Bertan sartzean, bazekiten 5 urterako zela, baina egoera hobetu edo legeak aldatuko zirela esperantza zuten.

Duela 5 urte, 2015ean sartu ziren bizilagunetako gehienak Hernaniko Sagastialde auzoko 19 zenbakiko etxebizitzetara, Etxebide, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuaren bitartez. Etxebizitza dotazionalak dira, eta, beraz, bazekiten bost urterako sartuko zirela bertan, luzatzeko aukerarik gabe. Baina, «sinatzean, ilusioarekin egiten duzu», diote. «Espero duzu legea aldatuko dela, edo bost urtera, luzapena eskainiko dizutela. Izan ere, ez da zentzuzkoa, familia behartsuak izanik, aukera hori ez ematea. Baliabide gehiago dituztenei, alokairuko etxeetan kontratua berritzeko aukera ematen diete 7 urtera».

Hori dute arazo. Maiatzean, kontratuan zehaztutako bost urteak pasatzean, etxe hauetako giltzak itzuli beharko dizkiotela Etxebideri. Martxan jarri dira irtenbideren bat bilatzeko. 

Maiatzean, kalera

«Denok jo dugu Hernaniko Zerbitzu Sozialetara. Hemen, denera, 58 familia gara. Horietatik batzuk beren bidea egin dute, baina beste 30etik gora bagara, etxea utzi beharko dugunak. Batzuek ez dute hemen jarraitzeko interesik, eta gainontzekoen artean 15, antolatu egin gara».

Baldintza desberdinak dauzkaten familiak direla azaldu dute. Baina denek dute «ezaugarri komun bat: baliabide gutxiko pertsonak gara». Horri, egungo etxebizitzen merkatuaren egoera gehitu behar zaio. «Ibili gara etxe bila, eta denetariko egoerak topatu ditugu. Inmobiliaria batzuetan banku-abala eskatu digute, eta bankura jotzean, daukagun soldatarekin ez digutela emango esan digute. Beste batzuetan asegurua eskatu digute. Neurriko eskaera da, ezta? Urteko asegurua 350 edo 400 euroren artean ordaindu, eta alokairuaren ordainketa aseguratu. Baina paperak erakutsi aseguruan, eta ez gaituzte onartzen. Eta horrez gain, ez hanka eta ez buru daukaten egoerak ere bizi izan ditugu. Adibidez, sei hilabete edo urtebete aurretik ordaintzeko edo 700 euroko fidantza eskatzea, eta hori legez Jaurlaritzarentzako denez, beste lau hilabetetako depositoa uzteko eskatzea, eta hori erregistratuta geratzeko 'paper bat' egingo digutela esatea. Hori, Hernaniko inmobiliaria batean gertatu zaigu».

Gauzak horrela, zer egingo duten ez dakite. «Aurrenekoek maiatzaren 25ean utzi beharko dituzte etxeak. Hurrengo taldeak, ekainaren 20an, eta hurrengoak uztailaren 20an. Abuztuan ere bai besteren batek. Ez da komunikazio biderik ireki. Joan gara bakarka eta taldean, entregatu dugu eskutitza. Baina erantzuna, beti, bera: 'giltzak entregatu behar dituzue'». 

Erantzunen zain

Erantzunen baten bila, hainbat ate jo dituzte. «Alokabiden esan ziguten ulertzen gintuztela, baina haien lana etxeak administratzea zela. Etxebide da jabea, eta Alokabide, administratzailea. Etxebidek, eraikina egin, eta etxebizitza dotazionalak edo alokairukoak izango diren erabakitzen du, eta Alokabideri ematen dizkio giltzak, eta esaten dio, dauzkan zerrenden arabera, nori eman». 

Etxebidek erantzunik ematen ez diela diote. «Ilusio haundiarekin etorri ginen. Esan ziguten hau tranpolin bat zela, etxebizitza hobea, betirako izango zena lortzeko. Baina gure aldetik jarri beharko genuela». Eta adibidea jarri dute. «Jarri dut nire aldetik. Lehen lanaldi erdian aritzen nintzen, eta orain osoan lan egitea lortu dut. Baina miseria hutsa kobratzen jarraitzen dut». Desgaitasuna duen langilea da. «Lehen gela batean bizi nintzen, eta orain, Zerbitzu Sozialetan horixe esan didate; 50 urterekin gela bat bilatzeko. Baina, gehienak, ikasleen ikasturte garaian egoten dira aukeran, 400 euro eskatzen dituzte, ezin dut bertan erroldatu... Hori da merkatuan aurkitzen duzuna, alokairua bilatzean».

Alkatea, bitartekari

Udalean ere saiatu dira, eta «alkatearengandik irudipen ona» jaso zutela diote, «baina udaletxeak ez du zerikusirik. Zerbitzu Sozialekin bitartekari lanak egiten saiatuko zela esan zigun, premiazkoak ziren kasuekin.  Hernanikoa den jende helduarekin bereziki arduratuta zegoen. Baina, zer dira premiazko egoerak?».

Xabier Lertxundi alkateak, hain zuzen, azaldu du bildu dela Gipuzkoako Etxebizitza Delegatuarekin, Alfonso Sanzekin. «Hasteko, Jaurlaritzak dio ez dela gauza bera babestutako etxebizitza eta etxebizitza dotazionala. Hauek bost urterako dira. Ez ditu etxebizitza gisa aintzat hartzen, denboraldi baterako dira. Udalak, adibidez, badauzka etxebizitza bihurtutako lokalak, baina lokalak direnez, dotazionalak dira eta ezin dira bost urtetik gorako kontratuak egin. 65 urtetik gorakoei ematen saiatu gara, baina ezin da. Sagastialde Jaurlaritzarena da, eta Udalak ez du zerikusirik. Bizilagunek bazekiten bost urterako zirela. Teorian dira, hortik atera eta hobetzeko aukera bat. Errealitateak, ordea, erakusten du askok ez dutela aukera hori izan. Etxebidek dio etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa dutenei ostatu emango diela; diru-sarrerak kontuan hartuta ematen da eskubide hau, baina ez dakit zenbatek daukaten».

Non emango zaien ostatu, ordea, arazoa da baita ere. «Bizilagunek ez diote Udalari eskatu ostatu emateko, ez baitauka ahalmenik horretarako, ez da gure eskumena. Gainera, Udalak dauzkan etxeak okupatuta daude, edo nor sartu badago. Nik bitartekari lanak egiteko konpromisoa hartu dut. Izan ere, denek ez dute eskubide subjektibo hori, eta beraz, zer; 80 urteko emakumeak, orain diru sarrera pixka bat altuagoa duelako, kanpora joan behar du? Beste herri batera? Sozialki egoera zaurgarriak sortu dira. Umeak dauzkaten familiak ere badira. Hona etorri ziren beste herri batzuetatik, eta orain, umeekin, beste nonbaiten hasi beharra dute? Deserrotzea sortzen da».
Hau guztia horrela, «Zerbitzu Sozialetara etorri diren familien informazioa emango diogu Etxebideri, egoera sozial horiek kontuan hartu ditzan. Hori esan nien bizilagunei. Gehiago ezin dugu egin. Eta Jaurlaritzari eskatu diogu, aurrera begira, horrelako etxeak esleitzean baldintzak berraztertzeko».

«Alferrak garela uste da»

Egoera bestela ere nahiko larria bada, gainera, gizartean dagoen usteari aurre egin beharra daukatela diote bizilagunek. «Gizartean uste da ez dugula lanik egiten, besteen kontura bizi garela nahi dugulako, alferrak garela. Baina gehienok lan egiten dugu. Gainerakoen artean, gehienak pentsiodunak dira, eta gutxi batzuk dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) jasotzen dutenak; guraso bakarreko familai osatzen duten ama-alabak edo hiru seme-alabako familia. Baina gehienek lan egiten dugu. Arazoa da soldata miserableak dauzkagula, eta ez direla nahikoa merkatuko alokairu bat ordaintzeko».

Etxe hauetan bizitzea ere ez da erraza, diotenez. «Badirudi hau errenta soziala dela. Baina gastu haundiak ere badauzka: 60 euroko komunitateko gastua, lorezaintza zerbitzua, kobratuko ez zigutela esan eta bi hilero uragatik 80 euroko gastua, galdararen mantenurako 30 eurokoa... Baina ez gara hori guztiagatik kexatzen. Eta bestelako arazoak ere izan dira, adibidez, zaborrekin. Batzuek gaizki ateratzen zuten, ohitura faltagatik-edo, eta bitartekari lanak egin ditugu. Eta orain? Ixiltasuna. Tranpolina izango zela zin egin ziguten. Eta etxebizitza hobea lortzeko tranpolina izan behar zuena, amildegirako tranpolina izan da».

Kaleratzeak Stop, azken ixaropena

Orain arte jasotako erantzunen aurrean, Kaleratzeak Stop elkartearengana ere jo dute bizilagunek, laguntza eske. Ostegunean bildu ziren. Hauek, bakoitzaren datuak eta errealitatearen berri jaso dute, eta legalki ahal duten laguntza guztia emateko konpromisoa hartu dute. «Beti, beraien atzean jarrita. Beraiek erabakiko dute zer egin nahi duten». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!