Galarretak ateak irekiko ditu gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00
Sagardoaren Txapelketa gaur arte martxan egongo da.

Oriamendi 2010 enpresak, aktibitatea 15 egunez etengo du gaurtik aurrera, aldaketarik ez bada behintzat.

Ostegunean kirol aktibitate ia denak bertan behera geratu ziren eta erremontea izan zen salbuespen bakarrenetakoa. Gainera salbuespen horrek gaur jarraituko du eta printzipioz, azken orduko aldaketarik ez badago, partiduak iragarri dira gaurko. Hori bai, Oriamendi2010 enpresak gaurtik aurrera aktibitate guztia etengo du datozen 15 egunetan, haue ere beti egoeraren eboluzioaren  baitan. Horrek Sagardo Txapelketa geratzea suposatuko du.

 

Zubiriren debuta Sagardoaren Txapelketan

Gaurko lau partidu daude iragarrita eta bigarrena Sagardoaren Txapelketakoa izango da. Bertan Ezkurra II eta Zubiri, Goikoetxea V eta Aizpuru IIIaren aurka neurtuko dira.

Beraz, Zubiri goizuetarraren debuta izango da gaurkoa txapelketan. Berak eta Ezkurrak Larre Gain ordezkatzen dute eta Goikoetxea eta Aizpuruk Gurutzetaren izenean jokatuko dute. Esan, Aizpuruk ordezkatuko duela Endika, lesionatuta baitago. Gorriak faborito dira A taldeko bigarren partidu honetan. Endika bezalako atzelari indartsu bat ordezkatzea ez da erraza eta Aizpuruk bere mailarik hoberena eman beharko du Larre Gaini irabazi ahal izateko.

Gogoratu A talde honetan lehendabiziko partiduan Gaztañagak (Segurola-Ion), Bereziartua (Urriza-Arruarte) gainditu zuela; eta lau eta puntu bat dauzkate, hurrenez hurren.

 

Setienek garaipena, ostegunean

Sagardoaren Txapelketako hamargarren edizioaren hirugarren partiduan Setienek lehen lau puntuak batu zituen ostegunean. Ansa II.ak eta Larrañagak 40-29 gainditu zituzten Juanenea eta Garces, azken hauek Altzuetaren ordezkari.

Ansa II.ak eta Larrañagak bikote sendoagoa osatu zuten, Garces baino eraginkorrago ari­tu zen Larrañagaren lanari es­ker. Agirrezabala ordezkatu zuen Garcesek.

Partidu gogorra eta borrokatua izan zen eta bi aurrelariek oso ondo jokatu zuten. Abiadura eman zioten pelotari bere kolpe boteretsuarekin. Aldea atzelarietan egon zen.

Emaitza honekin Setienek eta Petritegik (Matxin eta Azpiroz) launa puntu dituzte. Bat Oialume Zarrek (Aldabe-Barrenetxea) eta zero Altzuetak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!