Makina bat herrialdetan egondakoa da Enaitz Semperena argazkilari hernaniarra, baina denetan bereziena izan du, Etiopiara egindakoa. Etiopia Utopia fundazioaren jarduna bertatik bertara ezagutu, eta argazkietan islatzeko aukera izan zuen, 15 egunez. Horiekin, erakusketa jarri du orain, Correosen Donostiako bulego nagusian (Urdaneta kalea, 7). Etiopia: Ibili kaleak du izena, eta martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera 08:30etatik 20:30etara, eta larunbatetan 09:30etatik 13:00etara. Erakusketaren nondik norakoak eta Etiopiako bidaian bizitakoak kontatu dizkio Semperenak, Kronikari.
Etiopia Utopia fundazioarekin elkarlanean sortu duzu erakusketa. Nondik dator harremana?
2017ko gabonetan ezagutu genuen elkar, beste proiektu baten inguruan eduki genituen elkarrizketa batzuen ostean eta, nahiz eta orduan ez zen ezer suertatu, ordutik hazia landatuta geratu zen. Uste dut bi alderdietan sentsazio onak geratu zirela, eta urtebete beranduago argazkilaritza kolaborazioa proposatu nienean, erraza izan zen ideia definitu eta aurrera eramatea.
Azken urteetan herrialde asko ezagutu ditut, baina Etiopiako esperientzia guztiz ezberdina izan da. 15 bat egun pasa nituen guztira, gehien bat David (fundazioko koordinatzailea) eta Anarekin (Menstrual Hygienic Management proiektuko arduraduna), beraien eguneroko lana jarraitu eta fundazioaren proiektuak bisitatuz. Aukera izan nuen, baita ere, denbora librean Mekele eta Wukrotik pasiatu eta argazkilaritza praktikatzeko.
Egunerokotasun honen parte izateak, edo bertako ONGko kideekin eskuz esku lan egiteak herrialdea eta kulturaren ikuspegi guztiz ezberdin bat ematen dizu, besterik gabe turista moduan joanda ikusi dezakezunarekin konparatuz. Hau izan da niretzat esperientzia honetatik daramadan baliogarriena.
«Gure eguneroko bizitzan oharkabean pasa ahal zaizkigun une horiek dira, fotografiatzea gustatzen zaizkidanak»
Eskola umeak hilerokoaz hizketan, ‘ametsa’ eta ‘pasioa’ hitzak atletismoari lotutako proiektuaren gaineko argazkietan, ‘emakumeen indarra’ ureztatze sistemaren ingurukoetan… Zer jaso duzu argazkietan?
Joan baino lehen markatutako premisetako bat zen argazkiek, ahalik eta gehien, errealitatea irudikatu behar zutela. Orduan, gure argazkietan presako eraikuntzan emakumeak eta umeak badaude lanean, da hara iritsi ginenean han lanean zeudelako; edo atletismo pista harriz beteta badago, da horrelaxe zegoelako.
Guzti honekin erakutsi nahi duguna da (kasu honetan Etiopiako adibidearekin), herrialde azpigaratuak kontsideratzen ditugunetan badauzkatela gure gizartean galtzear dauden hainbat indargune, eta haiengandik ikasteko ere badaukagula. Galderan aipatutakoak adibide batzuk besterik ez dira; beraz, gonbidatuta zaudete erakusketara, esperientzia osoa ezagutzeko.
Lau proiektu potolo garatzen ditu fundazioak han, eta haiek erretratatu dituzu. Zein helbururekin?
Fundazioak lekuko hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunderekin lan egiten du, eta lau hauek, momentu horretan martxan zituzten proiektuak besterik ez dira. Argazkilaritza proiektu honen bitartez, eta aurreko galderan aipatutakoaz gain, helburua da Etiopia Utopiak egiten duen lana ezagutzera eman eta guk han bizitakoa gure lagun eta ingurukoekin partekatzea, etorkizunean lanean jarraitu ahal izateko.
«Zuri beltzak badauka marka atenporal edo bereizgarri bat, koloretako argazkietan galdu egiten dena, eta niri asko gustatzen zaidana»
Argazkilaria bera hunkitzea ezinbestekoa da, ikusleari emozio hori helarazteko?
Nahiz eta aro digitalean argazki bat gehiago egiteak ez daukan inongo ondoriorik, ni beti saiatzen naiz ateratzen dudan fotografia bakoitzean arrazoi edo motibo bat bilatzen; ondorioz, bai, zerbait ikusi edo sentitu beharko nuke argazki bat egin baino lehen.
Erlatiboki, Etiopian bizi eta ikusi dudanaren zati txiki bat fotografiatu dudala esan nezake, eta atera nituen argazki guztietatik 38 bakarrik aukeratu ditugu erakusketarako. Ikuslea emozionatzea erronka zaila da, baina horixe bera da helburua, eta zorte pixka batekin, baten bati barrenak mugituko dizkio argazkiren batek.
‘Ibili kaleak’ argazkigintza proiektuaren lagina ere gehitu duzu erakusketan, eta errealitatea baino, sentsazioak, emozioak islatu nahi izan dituzu. Zerk emozionatzen zaitu zu?
Oraingoz gehien gustatzen zaidan argazkilaritza mota, kaleko argazkilaritza da. Estilo honetan ez dago ezer prestatua, ez daude modeloak eta inork ez daki erretratatua izaten ari dela. Horrela, gure eguneroko bizitzan oharkabean pasa ahal zaizkigun une horiek dira, fotografiatzea gustatzen zaizkidanak. Baina ez hori bakarrik. Momentu, begirada edo akzio hauek beti ere egoera edo testuinguru batean egon behar dute, eta nola ez, argiak, koloreak edo kontrasteak funtsezkoak dira emaitza on bat lortzeko.
Faktore guzti hauek bat egiten dutenean, eta zorte pixka batekin, zerbait transmititzen duen argazki bat lortu dezakezu.
«Momentua, begirada, akzioa, argiak, koloreak, kontrastea... Guztiek bat egiten dutenean, eta zorte pixka batekin, zerbait transmititzen duen argazki bat lortu dezakezu»
Zure webgunean diozu 2018an itzuli zinela argazkilaritzara, New Yorken zerbait ikusi zenuelako… Zer?
2018ko udara Estatu Batuetan pasa nuen, eta New York hainbat asteburutan bisitatzeko aukera izan nuen. Hiriak badauka hitzekin azaldu ezin den zerbait, bakarra eta paregabea egiten duena; eraikin izugarri altuak, mota guztietako jendea, estoldetatik ateratzen den kea, pelikuletan ezagutu dugun polizia… Eta horrek guztiak kaleko argazkilaritza praktikatzeko leku ezin hobea bilakatzen du. Gainera, horrelako hiri haundietan sortzen den inpertsonaltasun mailak lana errazten du: inork ez zaitu ezagutuko, inork ez dizu gaizki begiratuko, eta inork ez dizu galdetuko zertan ari zaren. Ez da, alabaina, betirako bizitzeko aukeratuko nukeen lekua (barrez).
Zuri-beltzekoak, kolore bizikoak, gauekoak, hiri argazkiak, erretratuak… Estilo konkreturik baduzu?
Zuri beltzak badauka marka atenporal edo bereizgarri bat, koloretako argazkietan galdu egiten dena, eta niri asko gustatzen zaidana. Horrela, oraingoz behintzat, estilo horretan ari naiz gehienbat lanean, eta horrelaxe egin dut Etiopian garatutako Ibili Kaleak proiektuan. Bestalde, fundazioak parte hartzen zuen proiektuetarako, kolorea erabiltzea izan da zentzuzkoena, argazkilaritza dokumentalagoa egiteko eta errealitatea irudikatzeko askoz ere aproposagoa izateagatik.
Gehiago arakatzeko asmorik baduzu?
Batzuetan argazki batek koloretan izatea eskatzen du, eta kasu horietan ez daukat inolako arazorik, horrela izan dadin. Zenbat eta argazkilaritza gehiago praktikatu, nahi gabe, beste hainbat estilo ukitzera iristen zara, eta ikasketa prozesua amaigabea da; beraz, dibertigarria edo gustukoa dudan bitartean, ikasten eta jardunean jarraitzeko asmoa daukat, bai.
«Helburua da Etiopia Utopiak egiten duen lana ezagutzera eman, eta guk han bizitakoa partekatzea, etorkizunean lanean jarraitu ahal izateko»
Noiz arte ikusi ahal izango da erakusketa hau, Correosen? Eta aurrera begira, zer?
Dagoeneko ikusgai dago, martxoaren 9tik, eta hilabete inguruko iraupena izango du. Dena den, Donostiako Correoseko bulegoan ez da erakusketa osoa egongo, toki nahikoa ez dagoelako. Gure hurrengo urratsak esposizioa ahalik eta toki gehienetara eramatea da, ahalik eta oihartzun gehien emateko. Beraz, irakurleren batek interesa balu, jarri dadila gurekin kontaktuan.
Gainera, erakusketan ikusgai dauden argazki guztiak salgai daude, eta hortik lortutako irabaziak fundazioarentzat izango dira, lanean jarraitu eta proiektu berriak bilatzeko.
Bestalde, nire aldetik argazkilaritzarekin jarraitzeko asmoa daukat noski, bai Bartzelonan lantzen ari naizen kaleko argazkilaritza proiektuarekin (Instagrameko @bcn50mm kontuan), bai etorkizunean egin ditzakedan bidaietan, edo zeinek daki, beste edozein erakunderekin kolaboratzen.