Literatura

Amamaren ume kontuak ipuin berrian, Axpik eta Agirrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 00:00
Amama Filomena da liburuko protagonista.

Alzheimerraz modu xamurrean hitz egiten du Alaine Agirre Garmendia idazlearen eta Ainara Azpiazu, 'Axpi' ilustratzaile hernaniarraren 'Nire amama umea da, ni bezala' ipuinak.

Nire amama umea da, ni bezala izeneko ipuina kaleratu berri dute Alaine Agirre Garmendia idazleak eta Ainara Azpiazu, Axpi ilustratzaile hernaniarrak. Bihar zuten aurkeztekoa, Tabakalerako patioan dagoen Toba-ccodays liburudendan, Danele Sarriugarterekin, baina bertan behera geratu da ekitaldia, Koronabirusaren hedapena geldiarazteko prebentzio neurriak medio.

Dena den, liburua dagoeneko irakurgai dagoela jakinarazi dute, «birusik ez» daukala, eta «datozen etxe-egun lezeotarako asperduraren kontrako botika efikaza» dela. Liburudendatan aurkitu daiteke.

Korearrez ere bai, Alzheimerra hizpide
Dagoeneko estatuko lau hizkuntzatan argitaratuta du ipuina La Topera argitaletxeak, eta korearrez ere laster kaleratuko da.

Bertan, amona eta bere bilobaren arteko istorio hunkigarria kontatzen da, Alzheimerraz «modu sentikor, samur eta dibertigarrian» hitz egiteko. «Mundu guztiak dio nire amama oso zaharra dela, baina bai berak eta bai nik badakigu, barru-barruan, ume bat daukala ezkutatuta», kontatzen du.

Eskerrak publikoari
Biharko aurkezpena bertan behera geratu bada ere, Axpik eta Alainek «bertaratzeko asmoa zuten guztiei eskerrak eman» nahi izan dizkiete.

«Pena handiarekin» hartu dute erabakia, baina azpimarratu dute Amama Filomenaren abenturak jarraitzeko aukera badagoela, dagoeneko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!