Udala

Hernaniko Udalak doluminak eta babesa adierazi du, Osiñagako istripua dela eta

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 10a, 00:00

Joan den larunbat gauean Osiñaga auzoan gertatutako ezbeharraren inguruan, doluminak eta babesa eman nahi izan die Udalak, hildako pertsonen senitartekoei. 

Pasa den larunbatean Osiñaga auzoan gertatutako ezbeharraren inguruan, Hernaniko Udalak honakoa adierazi du, «doluminak eta babesa eman nahi dizkiegu hildako pertsonen senitartekoei».  

Horrez gain, ordu askotan lekuan bertan lanean aritu ziren erreskate taldeek egindako lana ere eskertu nahi izan du Udalak.  Eta nabarmendu dute, «senitartekoek erreskatea egiten ari ziren denboran erakutsitako errespetuzko jarrera». Loidi etxekoei ere, eskerrak eman nahi dizkie, «han bildu ginen guztioi emandako tratua eta harreragatik», eta honakoa ere gaineratu du, «egoera zail horien gogortasuna nolabait leuntzeko elkartasuna eta laguntza eskaini zuten guztiei, beraz, eskerrak». 

Gaur goizean, ezbeharra gertatu zen gunera urbildu dira zenbait udal teknikari eta ordezkari, lekua ikuskatu eta auzo horretako segurtasuna hobetzeko eta «ezbehar gehiago ez egoteko neurri posibleak aztertzen ere egon dira». 

Larunbateko istripua

Hernaniko udaltzaingoak adierazi du, istripua gertatu zen eremua «estua zela», bi kotxeren pilaketa sahiesteko, istripua izan zutenek, kotxea baztertu zutela eta ustekabean, «errepide ertzetik, ibaira erori ziren». Bi pertsonek lortu zuten ateratzea, baina hiruk ezin izan zuten hortik atera. 
Igandeko gaueko 21:00etan atera zuten autoa, eta operatiboa gauerdian eman zuten amaitutzat. Orain, Donostiako ertzaintzaren eskuetan dago kasua. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!