Arte sorkuntza beka

Mikel Eizmendiren artea, auzoen arteko zubi

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 10a, 00:00
Gay Mur eta Santa Barbara arteko tunela margotu du Mikel Eizmendik

Kale arte sorkuntzarako Udalak 2018an emandako diru-laguntzen irabazleetako bat izan zen Mikel Eizmendi, eta Lizeaga eta Santa Barbara auzoen arteko tunelean ikusi daiteke haren lana. 2019ko eskaera epea itxita dago.

Udalak 2016an sortu zuen Hernaniko artistei sorkuntza prozesuetan ekonomikoki laguntzeko beka, eta ebatzitako azken deialdiko irabazleetako bat izan zen Mikel Eizmendi. 2018ko deialdian jaso zuen laguntza, eta haren lana dagoeneko ikusgai dago.

Bi auzo, Lizeaga eta Santa Barbara auzoak elkartzen dituen tunela margotu du, Gay Murrekoa, hain zuzen. Izenbururik gabeko lana dela zehaztu du artistak, «ikusleak nahi duena irudikatu dezan» nahi duelako. Artelan honen kontzepzioa eskultura baten moduan egin du. Zuri beltzean, kontrastea bilatu du Eizmendik, eta tunelean sartuta, efektu inguratzailea sumatzea du helburu artelanak. 

Eizmendik, era berean, Juanjo Aizkorbe pintoreari eskerrak eman nahi izan dizkio emandako laguntza teknikoagatik: «bere ekarpenak asko erraztu zidan lana».

Arte sorkuntzarako bekak, lau urte

Beka hauek 2016an sortu zituen Udalak, Hernaniko artistei herrian garatzen dituzten sorkuntza prozesuetan ekonomikoki laguntzeko asmoz. Batzuetan sorkuntza prozesua bera laguntzen du, eta besteetan, ekoizpena, aurrez sortutako lan hori gauzatzea.

Hiru urtetan arte plastikoak sustatu dira, eta Udalaren esanetan, emaitza «ezin hobea» izan da: «sei artistek izan dute haien sormen lanak garatzeko aukera, eta herriak berak ere irabazi ditu sei artelan». Horietako batzuk oraindik ikusgai ez daudela ere argitu du, «batzuk oraindik sortze prozesuan baitaude. Udaberrirako espero da seiak ikusgai egotea». Saritu horietako batzuk izan dira: Aitor Ruiz de Egino, Iker Valle edota Ainara Azpiazu, Axpi.

Azkeneko deialdian, 2019ko abenduan ireki eta aurtengo otsailaren 1ean itxi den horretan, aldaketa egin du Udalak, eta arte plastikoak ez diren beste arte-adierazpenak sustatzea erabaki du: zinema eta ikus-entzunezkoak, argazkia, dantza, literatura, musika edota antzerkia. Beka, denera, 10.000 eurokoa da, eta proiektu bakoitzak, gehienez, 6.000 euro jaso ditzake.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!