Kiroldegia

Izen-emateak eta erreserbak on-line egiteko aukera, bazkideek

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 9a, 00:00
Ikastaroetan izena ere on-line eman ahal izango da.

Herritar guztiei datorren ikasturtean irekiko zaie zerbitzua.

Udal kiroldegiak zabaldu egin du on-line ematen dituen zerbitzuen eskaintza, eta hemendik ikasturtea bukatu arte, bi zerbitzu berri izango dituzte aukeran, bazkide direnek: apiriletik ekainera bitarteko ikastaroetan izena ematea, eta frontoia, trinketea, squasha eta pistak erreserbatzea. On-line egin ahal izango dira, biak.

Erreserbak, astean zehar bakarrik
Zerbitzu hauetara telematikoki sartu ahal izateko, kirola.hernani.eus webgunera jo behar da, eta hor, menu nagusiko 'kiroldegia' atalean, 'izen ematea eta araudia' sakatu.

Erabili nahi diren azpiegiturak erreserbatzeko zerbitzua astean zeharrerako bakarrik izango da. Izan ere, asteburuetan, partidu eta hainbat jarduera tarteko, aldatu egiten da programa. Beraz, asteburuetarako erreserbak egin nahi izanez gero, orain arte bezala, aurrez aurre edo telefonoz egin beharko dira, 943 55 21 85 zenbakian.

Aukera telematikoa, gero eta haundiagoa
Oraingoz, bi zerbitzu berri hauek kiroldegiko bazkideen eskura bakarrik jarri dira. Dena den, datorren ikasturteari begira, erabiltzaile guztiei zabaltzeko aukera eman nahi zaiela azpimarratu dute.

Era berean, gehitu dute aukera telematikoa zerbitzu gehiagotara zabaltzeko asmoa dutela.

Gimnasioan ikastaroa, bihar
Bestalde, saio monografikoak antolatzen dira gimnasioan, makinak erabiltzen ikasteko. Bihar, barra libreen erabilerari buruzko saioak izango dira, 10:30etan eta 18:00etan.

Hilaren 18an autokargen ingurukoa egingo da, eta hilaren 25ean, luzaketen ingurukoa. Denak, bi ordutegi horietan.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!