BIZIKIDETZA

«Bizipen desberdinei ahotsa emateko», antzerki zikloa

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 8a, 00:00

Bigarren hitzorduan 'Bizimiñak' antzezlana ikusi ahal izango da.

Bi saio antolatu ditu bizikidetzaren aldeko herritar ekimenak; martxoaren 10ean eta 17an.

Bederatzi herritar bildu ziren 2014an bizikidetzaren aldeko elkarrizketa foroa sortzeko, eta 2016an, ordura arte egindako bidea gainerako hernaniarren aurrean aurkeztu zuten. Ordutik lanean jarraitu dute, eta antzerki ziklo bat antolatu dute orain, martxoaren 10 eta 17rako.

Aurrena, martxoaren 10ean S(u/a)minetik bakera lana ikusi ahal izango da, 19:00etan Biterin. Martxoaren 17an, berriz, Bizimiñak.

 

«Giroa aldatu bada ere, badira oraindik inkomunikazio eta ez ezagutza espazioak»

Foroa sortzean, «urte luzetan bizitutako indarkeriak eta inkomunikazioak eragindako minak ezagutzea» izan zuten helburu; «desberdinak izanik, elkarrekin bide bat jorratu, bizikidetza prozesu bat bizi».

Horretan lanean jarraitu dute orain arte. «Uste dugu Hernanin diren eta izan diren bizipen anitzei ahotsa ematea oso garrantzitsua dela; eta bizikidetza lantzea eta eraikitzea dela, gure arteko harremanak hautsi edo baldintzatu dituzten arrazoiei erreparatzea». Ahots horiek jasotzen ibili dira azken urteotan, eta aitortu dute, «giroa aldatu bada ere, badirela oraindik inkomunikazio eta ez ezagutza espazio nabarmenak, eta oso bizirik dirauten bizipen eta minak ere bai. Bide berriak irekitzeko, oraindik gure gizartean nabaritzen diren isiltasun gune horiek gainditzen lagundu nahi dugu, pixkanaka-pixkanaka».

Horregatik antolatu dute antzerki ziklo hau, «gure herriko bizipen desberdinei ahotsa emateko, elkar entzunez eta ezagutuz, denon arteko bizikidetzaren bidea zabaltzeko».

 

Musika, Carrasco eta Etxaberen dolutik

Aurreneko proposamena martxoaren 10erako egin dute. Patxi Lurrak zuzendu eta idatzitako eta Arteman komunikazioak ekoitzitako S(u/a)minetik bakera obra ikusi ahal izango da 19:00etan Biterin, eta solasaldia izango da gero.

Zuzenean interpretatzeko sortu den musika konposizio baten bidea egiten da bertan. Bi hilketetan eragindako doluetan piztutako sentipenak eta hausnarketak lagunduko dituzte literatura erreferentziek, irudiek eta musikak. Sandra Carrasco, ETAk eraildako Isaias Carrascoren alaren eta Olatz Etxabe, BVEk eraildako Iñaki Etxaberen alabaren testigantzak jasotzen dira, Mudoh-ren musikak lagunduta, Naia Egiluze eta Patxi Lurrak narratzaile lanak egin bitartean.

 

'Bizimiñak', bigarren zitan

Martxoaren 17an, berriz, Itzel produkzioak ekoitzitako Bizimiñak ikusi ahal izango da ordu eta toki berean. Itziar Elias eta Maddi Irazoki antzezleak ariko dira taula gainean, Dani Irazoki musikariarekin. Mina, gorrotoa, isiltasuna... izango dituzte ardatz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!