boleibola

Partidu erakargarria jokatuko du Hernanik, Voleyviña Logroño bigarren sailkatuaren aurka, gaur kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00

Euskal Ligaren 16garren jardunaldia da mutilek jokatuko dutena, 16:00etatik aurrera, etxean. Nesken Gipuzkoako Ligan, bestetik, lidertza izango da jokoan gaur, 18:30etan Zarautzen, Hernani eta Lizardi taldeen artean.

Hernaniko boleibol taldeek beste jardunaldi bat izango dute jokoan, asteburu honetan. Hiru talde bakarrik ariko dira, baina partidu oso erakargarriak izango dira. Alde batetik, mutilen taldeak, Euskal Ligan, Logroñoko Voleyviña izango du aurrez aurre, kiroldegian, gaur 16:00etatik aurrera.

Voleyviña bigarren dago ligako sailkapenean, Bera Berarekin berdinduta, eta Navarvoleyrengandik puntu bakarrera. Bi partidu bakarrik galdu ditu denboraldian zehar, eta lehendabiziko postuan bukatzeko aukerak ditu. Beraz, Hernanirentzat partidu oso zaila izango da gaurkoa. Hala ere, maila ona erakutsi dute azkeneko jardunaldietan, Navarvoley eta Bera Beraren aurka. Partidua lehiatzeko gai dira, eta baita garaipena eskuratzeko ere.

Hernani laugarren postuaren borrokan dago, Sestao eta Udapa Lankiderekin batera. Bi horiek, beraien artean jokatuko dute, asteburuan. Sestao urrundu dezakete, Udapak irabazten badu. Hala ere, hiru talde hauen arteko borroka denboraldi amaierara arte mantenduko da.

Baita nesken artean Hernanik, Lizardik eta Kostkasek daukatena ere. Gipuzkoako Liga ari dira jokatzen, eta gaur, 18:30etan Zarautzen, Lizardi eta Hernani ariko dira elkarren kontra. Irabazleak lidertza eskuratuko du. Hernanik partidu bat galdu du, eta Lizardik bakarra ere ez, baina partidu bat gutxiago jokatu dute. Hernanirekin berdinduta dago Kostkas. Gaurko garaipena, beraz, oso ona litzateke.

Infantil mailako taldeek ez dute jardunaldirik izango, eta kadeteen taldeen artean, talde bakarrak jokatuko du; Hernani 2 taldeak, hain justu. Laskorain izango dute aurkari, gaur, 12:00etan kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!