gazte olinpiadak

«Gazteria mugitzeko erraminta izateaz gain, herria mugitzeko pieza ere badira Olinpiadak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00

Hipopotamo bolajalearen frogan, ederki pasa zuten Hernaniko gazteek.

Aspaldi hasiak dira Hernaniko Gazte Olinpiadetako antolatzaileak biltzen, eta 2020ko olinpiaden nondik norakoak lotzen. Datorren ostiralean, afaria egingo da, motorrak berotzen hasteko, eta olinpiadak badatozela iragartzeko.

Urteak daramate Hernaniko Gazte Olinpiadek kaleetan sekulako giroa jartzen. Aurreko urtean, astedenaldi bat egin ostean, aurten egin edo ez, hortxe egon da zalantza.

Olinpiadetako antolatzaileek, azpimarratu dute, hasiera batean harriturik geratu zirela, ez baitzegoen inolako interes eta gogorik, «gazteek ez zuten paper aktiborik erakusten, ez zegoen mugimendurik». Hori horrela, bilerak eta bilerak egin ostean, zerbait erabaki behar zutela argi zuten, «denok dugu gustuko dena prest egotea, dena eginda egotea. Baina atzean lan handia dago, eta jendea momentu horretan atzera botatzen da», egoera kaxkarrean ikusi zuten antolatzaileek olinpiaden kontua eta hala ere, aurrera egitea erabaki zuten, «sakrifikatu eta olinpiadak aurrera ateratzeko mugitu behar gara», eta gaineratu zuten Olinpiadak gazteria mugitzeko erraminta zela, eta gazte zein herriari «xarma» emateko ekimena, «herria bizirik mantentzeko pieza ere badira Gazte Olinpiadak».

Olinpiaden aurretik, preolinpiadak
Ez dute oraindik egutegia zehaztu, baina lehenengo froga, maiatzaren 2 an izango dela aurreratu dute. Hala ere, froga hauetarako prestaketa gisa, aurretik preolinpiadak egingo dira, eta datorren ostiralean izango da lehena, bertso afari baten bueltan bilduz.

Frogak, bi taldeka banatuko dira, bi taldeek bat egin, eta kooperazio bitartez, froga osoa antolatuko dute, «gazteen artean harremantzeko eta denak hartzeko parte». Guztira, 15 taldek hartuko dute parte, «ezta gutxi!».

«Mugitu egin behar gara, eserlekutik altxa, eta konformismoa alde batera utzi. Denon artean posible delako Olinpiaden etorkizun eder bat eraikitzea»

Aurtengo Olinpiadak gainera, berandugo hasiko dira, eta amaitu ere, halaxe egingo dira, beranduago. «Ekainak 20an izango da azken froga, Ereñozuko festak eta gero, normalean hor amaitzen dira, baina aurten, aste bete beranduago amaituko dira». Hau zerbait berria da, amaiera data aldatu dute, beraz denek esploratu beharreko egoera bat izango da.

Olinpiaden etorkizuna
Bi urtetatik behin egin ohi dira Olinpiadak, baina aurten zalantza egon denez hauek aurrera eraman edo ez, etorkizunari buruz galdetu diegu antolatzaileei, eta hauek argi utzi dute, oso gogotsu daudela, «motibazio haundiarekin gaude». Espero dute, jendea laguntzeko prest egotea, eta «benetan espero dugu herritarrek eta gazteek laguntzea Olinpiadak aurrera eramaten, denon artean posible baita. Egia esan espektatiba altuak dauzkagu, gazteak gara, eta herriari xarma ematen jarraitu beharra daukagu».

Konformismotik ateratzeko deia
Hernaniko gazteei egin nahi izan diete deia, «mugitu egin behar gara, eserlekuetatik ipurdiak altxa, eta konformismoa alde batera utzi. Denon artean posible delako Hernaniko Olinpiaden etorkizun eder bat eraikitzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!