ERREMONTEA

Oialume Zar eta Petritegiren arteko lehia gaur, Sagardoaren Txapelketa hasteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 5a, 00:00

Petritegin, iazko Sagardo Txapeleketako irabazleen sagardotegian aurkeztu da aurtengoa. Argazkia: Maialen Andres.

Aurtengoa X. edizioa izango da. Ligaxka apirilaren 18ra arte jokatuko da; finalaurrekoak maiatzaren 2ra arte, eta finala, maiatzaren 9an.

Petritegin, iazko Sagardoaren Txapelketako irabazleek ordezkatzen zuten sagardotegian aurkeztu zen astearten X. Sagardoaren Txapelketa, eta gaur jokatuko dute aurreneko partidua, lau erremontistek. Galarretan, 16:00etan hasita jokatuko diren partiduetan bigarrena izango da, Oialume Zarreko Aldabe eta Barrenetxea IV eta Petritegiko Matxin III eta Azpiroz aurrez aurre jarriko dituena.

Puntu negatiboak eta ligaxkak, aurten ere
Zortzi sagardotegik hartuko dute parte aurten, bi multzotan sailkatuta. A multzoan, aipatutakoez gain, Altzuetak, Juanenea eta Agirrezabalarekin; eta Setienek, Ansa II eta Larrañagarekin.

B taldean ariko dira Bereziartua, Urriza eta Arruarterekin; Larre Gain, Ezkurra II eta Zubirirekin; Gurutzeta, Goikoetxea eta Endikarekin; eta Gaztañaga, Segurola eta Ionekin, A taldean.

Ligaxka gaur hasiko da, eta apirilaren 18an bukatu. Astearte eta ostegunetan jokatuko dira partiduak. Iaz bezala, irabazleak 4 puntu bilduko ditu, 36 eta 39 tantoren artean egiten dituenak 2, 32 eta 35 tanto artean egiten dituenak puntu bat, 26 eta 31 punturen artean egiten dituenak 0, eta hortik behera egiten dituenak puntu negatiboa jasoko du, iaz bezala.

Ligaxkako fasean, talde banatako aurreneko bi sailkatuak izango dira finalaurrekoetara pasako direnak. Lau bikote horiek finalaurrekoak jokatuko dituzte, denek denen kontra, apirilaren 23tik maiatzaren 2ra bitartean.

Finala irabazteaz gain, sari gehiago
Fase honetako aurreneko bi sailkatuak izango dira finala jokatuko dutenak, maiatzaren 9an. Berdinketarik suertatzen bada bi bikoteren artean, bi horien arteko partidua irabazi duenak egingo du aurrera, eta berdinketa hiru bikoteren arteakoa bada, tanteoa hartuko da kontuan, ligaxkan bezala.

Finala irabazi eta txapela janzten dutenak ez dira izango, hala ere, sariak jasoko dituzten bakarrak. Aurrelari eta atzelari onenei ere trofeoak emango zaizkie, egindako tantoei galdutako tantoak kenduta, tanteo onenak kontuan hartuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!