ELKARTASUNA

Material bilketa Nibirun, Senegalgo haurrei bidaltzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 3a, 00:00

Haur talibeek bizi duten «bidegabekeria» ezagutaraziko da hitzaldian.

Martxoaren 21era arte eskola eta sendaketa materiala bilduko da Nibiru edergintza zentroan. Larunbatean haur talibeen inguruko hitzaldia ere izango da.

Izpizua kaleko Nibiru edergintza zentroan eskola eta sendaketa material bilketa jarri dute martxan, Senegalgo haurrei bidaltzeko. Bilketa martxoaren 21era arte egingo da.

Era berean, larunbat honetan, hilak 7, haur talibeen inguruko hitzaldia emango da bertan, 11:00etan.

 

Bilketa, martxoaren 21era arte

Jasoko den materiala izango da eskolarakoa eta sendaketarakoa. Eskolarako, bilduko dira koadernoak, folioak, arkatzak, plastilina, pegamina, kanikak, pegatinak, borragomak, linternak edota txorroskiloak.

Sendaketarako materialari dagokionez, eskatu dituzte ur oxigenatua, betadine edo pomada antiseptikoa, hesgailu edo apositoak, gasak, esparatrapua, konpresak, erreduretarako pomada, ziztadetarako krema, eltxo uxagarria, suero fisiologikoa, ibuprofenoa, beherakoa gelditzekoa, umeen sukarra jaistekoa, umeentzako antibiotikoa, umeentzako antiinflamatorioa, eta umeentzako parazetamola.

 

Haur talibeei buruz, Jerejef elkartea

Bilketaz gain, hitzaldia ere antolatu du Nibiru zentroak, larunbaterako, goizeko 11:00etan. Jerejef elkarteko kideak gerturatuko dira, «haur talibeekin gertatzen ari den bidegabekeria ezagutarazteko».

Azaldu dutenez, «talibeak Senegal, Ginea, Ganbia, Mauritania edo Malin jaiotako 4 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak dira.

Euren gurasoek, gehienak baliabiderik gabeko nekazariak, Marabu Koraniar eskoletako maisuen zaintzapean uzten dituzte haur hauek. Lehen bizimodu duina eskaintzen zitzaien, baina egun, bazterkeria, probrezia, esplotazioa eta indarkeria jasaten dituzte». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!