Errugbia

Hernanik galdu eta 15 puntura du orain promozioa

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 2a, 00:00

Burgosek 42-7 irabazi dio Hernaniri eta Cisnerosen garaipenak oraindik eta urrutiago utzi ditu azkenaurreko eta salbazio postuak.

Jakina da Hernanik maila galduko duela aurten eta nahiz eta hori egutegian ahalik eta gehien urruntzen saiatu, jeitsiera gero eta gertuago dago denboran. 
Asteburuko emaitzak ez dira onak izan trikoloreentzat eta orandik eta gehiago aldendu dira promozio eta salbazio postuak. 
Hernanik 42-7 galdu zuen atzo Aparejadores de Burgos taldearen aurka eta Cisnerosek berriz irabazi egin zuen Cienciasen aurka etxean. Bathcok ere galdu egin zuen Santandergo derbian eta beraz orain kantabriarrak daude azkenaurrenak sailkapenean 15 puntura eta Cisneros momentu honetan Ohorezko Mailan mantenduko litzateke Hernaniren aurretik 17 puntura daudelarik eta Cienciasengandik puntu bakarrera.

Hasieratik atzetik Burgosen
Partidua zaila zuten hernaniarrek Burgosen eta etxekoak nagusi izan ziren hasieratik amaierara arte. Denboraldi hasiera kaxkar bat egin eta gero, orain play offetarako borrokan daude sarturik eta hori nabaritu zen zelaian.  
Lehendabiziko hamar minutuetan Hernanik eutsi zion markagailuari defentsako lan on baten bitartez, baina 13garren minutuan etorri zen Burgosen lehendabiziko entsegua (5-0).
Hortik aurrera markagailua haunditzen joan zen atsedenaldira iritsi arte. Lehen zatia amaitutakoan 20-0 ziren aurretik etxekoak, hiru entsegu egin eta gero. 
Bigarren zatia ildo beretik hasi zen Burgosen laugarren entseguarekin (25-0), baina Hernanik bere zazpi puntuak lortu zituen bigarren zatiaren erdian (25-7). Hortik amaierara markagailua etxekoen alde mugitu zen zigor kolpe batekin eta bi entsegu eta transformazioekin 42 eta 7 geratuz azken markagailua.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!