ERREMONTEA

Barrenetxeak Urrezko Erremontea, urteko erremontistarik onenaren saria irabazi du

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 1a, 00:00

Xabi Gonzalez, Barrenetxea, Iñaki Perurena, Aldabe eta Onintza Enbeita.

Banakako bi txapelketetan nagusi izan da, Binakakoan azpitxapeldun eta A multzoko sari nagusia ere irabazi du atzelari hernaniarrak ez ahazteko moduko denboraldi batean.

Galarretan egun haundia bizi izan zuten atzo Erremontearen Egunaren ospakizunekin. Bertan protagonista nagusia Endika Barrenetxea atzelari hernaniarra izan zen, etxera bi sari potoloenak eraman eta gero. 2020 Urrezko Erremontea saria berea du jada eta A multzoko pelotari onenaren saria ere irabazi zituen atzo Galarretan. Merezimendu osoz gainera, ahaztu ezineko denboraldia osatu baitu hernaniarrak.

Javier Urrizak azken zazpi urteetan eraman zuen Urrezko Erremontea, 2014an, koadroko erremontista guztiekin partekatua, eta beraz esan daiteke Barrenetxeak irabazten duen bigarren aldia dela. Urrezko Erremontea lortu du banakako bi txapelketak irabazi eta gero: irailean dagoen garrantzitsuena Kutxabank Txapelketa Nagusia eta urtarrilean Masterra; Binakako Orona fundazioa Txapelketan finalera iritsi zen; baita San Fermín Torneoan ere. Gainera, A multzoan garaipen portzentai haundiena lortu duena izan da. Argumentuak soberan izan ditu saria irabazteko.

Iñaki Perurenak ere saria, bere ibilbideagatik
Urrezko Erremontea Gotzon Huegun eskultorearen lana da eta Iñaki Perurena harrijasotzaileak ere eraman zuen bere lan bat sari bezala bere kirol ibilbide oparoangatik. Azkenik, B multzoko saria Aldabe aurrelariarentzat izan zen eta eguneko estelarrean bikoteak, Urriza eta Barrenetxeak, 35-40 galdu zuten Juanenea, Ezkurra II eta Ionek osatzen zuten hirukotearen kontra. Partidu polita ikusi zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!