Kontzentrazioa asteartean, Olano eta beste 11 militanteren auziagatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 1a, 00:00

Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartzera deitu zituzten 6 eta beste 6 deituak daude astearterako. Kontzentrazioa Plaza Berrin egingo da, 19:30etan.

Ezker abertzaleko sei militanteri deklarazioa hartu zieten lehengo astean Auzitegi Nazionalean eta beste sei kide deituak daude datorrenen asteartean deklaratzeko, horien artean Juan Mari Olano herrikidea. «Auziak helburu garbi bat du: independentismoak Estatuan ahalbidetu duen agertoki berriak zabal dezakeen edozein aukera zapuztea. Urtarrilaren 20an, ezker abertzaleko lau kide atxilotu zituztenean, esan genuen operazio horren guztiaren atzean Estatu Sakona zegoela, eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa» dio hernaniar talde batek ohar batean.

«Gertatzen ari dena ez da kasualitatea. Inoiz baino adostasun zabalena dago euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde. Atxiloketek eta zitazioek ez diote logika judizial bati erantzuten: Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetu duten egoera berriari erantzuten diote. Estatu Sakona modu iraunkorrean saiatzen ari da edozein aukera-leiho zapuztu asmoz. Estatu Sakon horrek ez du nahi gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman dadin» azaldu dute prentsa oharrean.

Beraz, auzi hau salatzeko, etzi asteartean, martxoak 3, kontzentraziora deitu du herritar talde honek 19:30etan Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!