hernaniko mugimendu feminista

«Gure herriko jendea da erasotzen gaituena»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00

Eraso sexisten kontrako kontzentrazio bat, joan den urtean, Plaza Berrin.

Azken hilabeteetan gertatutako eraso sexistak salatu nahi izan ditu Hernaniko Mugimendu Feministak: «erasotzaileak ez dira bakarrik kanpotik gurera datozenak».

Herrian aurreko hilabeteotan izan diren gertaera salatu nahi izan ditu Hernaniko Mugimendu Feministak, ohar baten bitartez. Izan ere, adierazi du «azkeneko hilabeteetan Hernanin gertatutako eraso batzuen berri» izan duela: «eta erasotzailea, hainbat mugimendu eta eragile desberdinetan ibili izan den gizon bat da».

Mugimendu Feministak aditzera eman du, erasoak «gure elkarte, eragile, kale, espazio publiko eta gure jai giroetan» ari direla gertatzen; eta erasotzaileak ez direla jende ezezaguna eta arrotza, «elkarbanatzen ditugun guneetako kideak dira». Horren aurrean, «gogor» salatu nahi izan du, «erasoak normalizatzeko dagoen joera. Ez da hainbesterako izan bezalako esaldiak, parranda giroan gertatutako ekintza puntual bat bezala ulertzea, kontsumo egoera ezberdinak hartzea erasoa egiteko arrazoi nagusi gisa...».

«Erasoen kudeaketak herri mailako ardura izan behar du»
Hori horrela, Hernaniko Mugimendu Feministak «argi utzi» nahi du, erasoak ez direla soilik gertatzen sagardotegi garaian, eta erasotzaileak ez direla bakarrik «kanpotik gurera etortzen direnak. Gure herriko jendea da erasotzen gaituena. Zerbait puntual edo isolatua izan beharrean, egituraren baitan kokatzen ditugu erasoak, eta horregatik diogu, erasoen kudeaketak herri mailako ardura izan behar duela», nabarmendu du.

«Erasoak gure elkarte, eragile, kale, espazio publiko eta gure jai giroetan ari dira gertatzen, eta erasotzaileak ez dira jende ezezaguna eta arrotza»

Era berean, azaldu du, erasoaren berri izan zenetik herriko eragile batek prozesu bat abiatu duela; baina argitu du, prozesu horretan ez direla parte hartzen ari Hernaniko Bilgune Feminista eta Mugimendu Feminista. Horren harira, aditzera eman ditu, «hainbat herri eta egoeratan ikusi eta ikasi duguna kontuan hartuz», prozesu batek eduki behar dituen «oinarrizko baldintzak». Bost baldintza aipatu ditu: «prozesuaren erdigunean, erasotuak izan diren emakumeek* egon behar dute, eurek dira prozesuaren sujetu politikoa eta aktiboa; sujetua erasotutako emakumeak diren neurrian, eurei dagokie nahi eta behar duten prozesua diseinatzea; ezinbestekoa da erasotuak izan diren horiek osatzean arreta jartzea eta beraien beharrak entzutea; erasotuen beharrak entzun eta osatzeko bide eta kanalak jartzea ardura kolektiboa da; eta prozesuaz arduratuko den lantaldea bidelaguna da, inoiz ez prozesuaren nondik norakoen erabakitzailea».

Eta adierazi du, «momentu honetan garatzen ari den prozesuak», ez dituela «ezaugarri hauek betetzen».

«Erasotzaileekin lan egin behar dela uste dugu, baina haiek ez dira lehentasuna»
Mugimendu Feministak adierazi du, ez duela erasotzailerik onartuko, «baina pertsonen heriotza sozialean ez dugunez sinesten, erasotzaileekin lan egin behar dela uste dugu». Hori bai, argi utzita bi ideia: «erasotzaileekin lan egiteko prozesuak abiatzearekin bat egiten dugu, argi utzita erasotzaileak ez direla lehentasuna; osatze prozesuen helburu nagusia emakumeak osatzea da, eta ez erasotzailea berriro bere ohiko guneetara bueltatzea». Eta gogorarazi du, autodefentsa feministaz erantzungo diela erasoei: «erasoak jasaten ditugunok erantzuteko zilegitasuna dugu, beraz, erasorik ez erantzunik gabe! Emakumeon* arteko sareak eta aliantzak lantzen jarraituko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!