Erremontea

Urrezko Erremontea Saria nork irabaziko duen argituko da gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00
Gaurko saria irabazteko aukera du Barrenetxeak, Buruz Burukoa ere irabazita.

Erremontearen Eguna da gaurkoa Galarretan. Arratsaldeko 16:00etan hasita, partidu ikusgarriak, musika eta luntxa ere izango dira, doan.

Hiru partidu ikusgarri eta jan-edana, musika eta festa giroarekin gozatzeko aukera izango da gaur arratsaldean Galarretako frontoian. Izan ere, Erremontearen Eguna ospatuko da, 16:00etatik aurrera. Herritar guztiak daude parte hartu eta gozatzera gonbidatuta. Hori horrela, sarrera doan izango da gerturatzen diren guztientzat.

Era berean, erremontisten artean sariak ere banatuko dira; tartean, Urrezko Erremontea Saria.

Hiru partiduetan bigarrenean, Barrenetxea eta Urriza hirukoaren kontra
Jaialdia hasteko, hiru partidurekin gozatu ahal izango da. Aurrena, Aldabe eta Arruartek osatutako bikotearen eta Goikoetxea V eta Zubirik osatutakoaren arteko partidua jokatuko da. Segidan, Urriza eta Endika Barrenetxea hernaniarrak jokatuko dute, Juanenea, Ezkurra II eta Ionek osatutako hirukotearen kontra. Ez ohiko partidua ikusteko aukera izango da, beraz.

Azkenik, Segurola eta Azpirozek osatutako bikoteak eta Matxin III eta Larrañagak osatutakoak jokatuko dute elkarren kontra.

Zozketak, sariak eta luntxa
Jaialdia borobiltzeko, musika eta luntxa izango dira gerturatzen diren guztientzako, eta baita sariak ere; batzuk, erremontistentzako, baina besteak, ikusleentzako. Hainbat zozketa egingo dira.

Erremontisten artean, A eta B kategorietako erremontista erregularrenen sariak banatuko dira batetik. Baina, bestetik, baita Urrezko Erremontea Saria ere. Iaz Urriza izan zen sari berezi honen irabazlea. Aurtengoan, ohore hori Endika Barrenetxea hernaniarrak jaso dezake, denboraldi bikaina egin baitu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!