FUTBOLA

«Taldea hazi egin da, asko, astez aste»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00
Unai Munduate entrenatzailea, eta Bittor Loran eta Aitor Elizalde kapitainak «taldean bat gehiago» dira.

Ohorezko Erregionaleko taldea ezin hobeto ari da. Azkena berdindu arren, 6 partidu jarraian irabazi ditu, eta hirugarrena da sailkapenean. Gaur, 16:30etan Zubipen, Real Unionen kontra jokatuko du.

Partiduz partidu jokatzeari eman dio garrantzia CD Hernaniko Ohorezko Erregionaleko futbol taldeak, eta argi dago asmatu duela. «Lehiakortasuna haunditu da» Bittor Loran eta Aitor Elizalde kapitainen esanetan, eta «entrenamenduetan egon da giltza» Unai Munduate entrenatzailearen ustetan. 
Sei partidu segidan irabazita, eta Zarautzen kontrakoa berdinduta, hirugarren dira. Gaur, Real Unionen kontra jokatuko dute Zubipen, 16:30etan.

Denboraldi hasieran taldea egitea zenuten helburu. Zein da orain egoera? 
Unai Munduate: Beti bezala, hasieran, proiektu berri batean sartzean, lehenengo helburuak horiek izan behar dira: taldearen kohesioa, jokalariak ezagutzea eta martxan jartzea, jakinda, gero, lehiatzera gindoazela. Gauza batek ez zuen bestea kentzen. Eta uste dut guztiz bete dugula. Entrenatzaile eta lan talde bezala oso gustora gaude, bai sortu den giroarekin, bai jendearen konpromisoarekin. Hernaniarrek eta etorri diren jokalari berriek oso ondo konektatu dute. Horri garrantzia haundia ematen diogu. Gainera, lehian oso ondo ari dira. Taldea hazi egin da, asko, astez aste. Ondorioz, nire ustez merezita, hor gaude, aurreko pelotoi horretan. Hortik aurrera, jarraitu besterik ez dago!

Entrenatzaileen artean, klubean, badago elkar ulertze bat? Talde lana?
U.M.: Bai. Guk erlazio haundiena preferenteekin daukagu. Hernanin senior mailan bi talde daude. Jubenilekin ere badugu erlazioa, baina beraiek beraien helburuak dauzkate, eta ez ditugu beraien jokalariak erabiltzen, gutxienez, liga bukatu arte. Bigarren taldearekin bai daukagula harreman estuago bat. Hor badaude jokalari batzuk gora eta behera ibiltzen direnak, gurekin entrenatzen dutenak. Klubeko erlazioa zentzu horretan estua da, eta naturala.

Kapitain bezala, nola ikusten duzue taldea?
Bittor Loran: Bloke erdia baino gehiago mantendu egin da. Kanpotik etorritako jendea, berriz, bileretan hitz egin zenaren arabera aukeratu da; ez bakarrik futbol ikuspegia kontuan hartuta, baizik eta ikuspegi gizatiarretik. Ekarritako jendea oso ondo sartu da taldean hasieratik. Alde horretatik, gu oso gustora gaude. Eta futbolari begira, orain ezin hobeto gabiltza, bolada onean. Oso gustora.
Aitor Elizalde: Oso talde giro ona daukagu. Talde bat gara. Batzuetan gertatu daiteke talde txikiak sortzea eta batzuekin hobeto moldatzea. Guk harremana denok batera daukagu eta hori garrantzitsua da.

Kapitain postuan ondo moldatu zarete?
A.E.: Azken urteetan beterano askok utzi dute, eta gu geratu gara, 24 urterekin beterano. Ekipo gaztea daukagu.
U.M.: Birsorkuntza fase batean gaude. Kapitainak gazteak dira eta ekipoa ere bai. 
B.L.: Kapitainak dauka besokoa, baina jende gehiago dago taldean kapitain dena. Talde bat ez da bat edo bi.
A.E.: Taldean bat gehiago gara, ez gara inor baino gehiago. Uste dut ondo daramagula. 

Hobekuntza nabaria izan duzue. Partiduz partidu lan egitea izan da giltza?
B.L.: Horiek esanak besterik ez dira. Orain bolada onean gaude. Uste dut lehengo urtetik izan dugun aldaketa haundiena lehiakortasunean egon dela. Iaz ez ginen hainbeste, beti jokatzeko prest. Aurten bagaude 20 pertsona, eta denok jokatu dezakegu. Aldaketa asko izaten dira hamaikakoan, batez ere goian, zelai erditik aurrera. Defentsan agian gutxiago. Baina, jakinda gaizki entrenatuz gero, agian larunbatean ez duzula jokatuko, gehiago estutzen duzu. Uste dut hori nabaritu dudala gehien, hobetze aldera, entrenamendu mailan.
A.E.: Gainera, orain lesio batzuk izan ditugu inportanteak, titular batzuenak, eta plantila luzea edukita, maila ez dugu jaisten. Hor mantentzen dugu eta segitu dugu ondo lehiatzen horri esker.

Bigarren itzulia ederki dijoa. Lehen  galdutakoak irabazi dituzue. Bolada mantentzeko moduan zaudete?
B.L.: Sailkapenari erreparatuz gero, puntu gehien azpiko hamarren kontra utzi ditugu. Ez zaio asko begiratu behar; edozeinek irabazi diezazuke. Partidu guztiak serio hartzen ditugu, aste osoa ematen dugu partidu bakoitza prestatzen. Azken bosten arteko hiruren kontra, adibidez, ez dugu irabazi.
A.E.: Kategoria oso parekatua da. Ez bazara topera ateratzen partidu guztietan eta gauzak ondo egiten, edozeinek irabazi diezazuke. Guk ondo egiten dugu, nire ustez, partiduz partidu entrenazea. Ez dugu pentsatzen hemendik bi astera daukagunean. Kontzentratzen gara astekoan. Uste dut hor asmatzen ari garela.

Denboraldi bukaerarako helbururik jarri duzue? Amestu daiteke?
U.M.: Amestu... ez dakit. Partidu guztiak irabazteko gaitasuna daukagu. Baina galtzeko ere bai! Oso parekatua dago dena. Sei partidu atera ditugu, eta positibo izan behar dugu. Baina horietatik lautan gol bateko diferentzia atera dugu. Horrek zerbait esan nahi du, onerako eta txarrerako. Zerbaiti esker lortzen dugu hori orain azken minutuetan, baina beste partidu batzuetan aurka izan dugu. Ezin duzu hainbeste erotu. Noski, borroka horretan bagaude, argi dago hor jarraitzeko asmoa daukagula. Baina sartu zaitezke bolada txarrean. Giltza da oso ondo entrenatzen ari garela, eta frogatu da denboraldian zehar; 20 jokalari dauzkagu hamaikakoan jokatzeko prest. Bajak izan direnean ere, taldea oso ondo lehiatu da. Niretzat oso inportantea da ligan; plantila hori edukitzeak asko egiten du. Joan behar dugu partiduz partidu, pixkanaka, eta disfrutatzen. Garrantzitsua da bideaz disfrutatzea, azkenean, saria bakarrak baitauka. Zure maila ematea, ez dago besterik. Aurkariak ere berea egiten du.

Afizioa ere bolada onean dago?
B.L.: Hasieran agian ez zen hainbeste jende jaisten, eta orain nabari da jende gehiago etortzen dela. Ilusio haundiagoa ere nabari da inguruan, eta horrek motibatzen gaitu. 
U.M.: Jendea animatu nahi dugu, ahal den heinean. Etxean, gainera, oso ondo ari gara. Kanpoan ere bai, baina, bereziki, etxean; Zubipe zelai zaila izaten da aurkariarentzako. Entzun dugu jendea gustora etortzen dela ikustera dagoen erritmoa, intentsitatea, maila, nola jokatzen dugun. Ea bigarren buelta honetan, etxean jokatuko ditugun partiduetara etortzen diren! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!