ERRUGBIA

Burgosera bihar, lanerako gogoa eta indarra galdu gabe

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00
Burgosen kontra Landaren jokatutako partidua nahiko parekatua izan zen.

Ohorezko Mailako errugbilariek UBU-Colina Clinik taldeari egingo diote aurre bihar, 12:15etan. Bestalde, desgaitasuna duten gazteei zuzendutako topaketa egingo da bihar Landaren, goizeko 11:00etan hasita.

Denboraldi hasieran parekatua izan zen Hernaniko eta Burgosko errugbilarien arteko partidua, eta Polidoriren mutilak lanerako gogo horri eutsita joango dira bihar Burgosera. Eguerdiko 12:15etan hasita jokatuko dute norgehiagoka, bi taldeek. Hernaniarren egoera uste baino zailagoa da, baina ez dituzte galdu lan egiteko gogoa eta indarra, eta gogor borrokatuko dute bihar ere.

Ohorezko Mailako taldeaz gain, 23 urtez azpiko taldea ere joango da, eta 10:15etan jokatuko du Burgosen kontra, baita ere. Aurrekoan erraz irabazi zuten hernaniarrek, eta denboraldia borobiltzen segitzeko asmoz egingo dute bidaia.

Gainontzeko taldeek ez dute partidurik jokatuko jardunaldi honetan, kasu batzuetan, atsedena dutelako, eta beste batzuetan, jardunaldiari dagokion partidua jokatuta daukatelako.

 

Landaren bihar, topaketak

Biharko beste hitzordua Landaren izango da: oinez dabiltzan desgaitasuna duten haur eta gazteei zuzendutako topaketak egingo dira.

Elkartzeko ordua 11:00etan jarri dute, Landaren bertan, eta 11:30etan errugbi saioari ekingo diote. Hori bukatuta, hirugarren denborari emango diote hasiera 13:30etan. Eta segidan, indarrak hartzeko aukera izango dute. Izan ere, pikoteoa eta makarroiak izango dituzte aukeran.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin elkarlanean antolatu du ekitaldia Hernani Errugbi elkarteak, eta parte  hartzera animatzeko dei egin diete haur eta gazte guztiei. Izena emateko, email bat idatzi behar da ondorengo helbide elektronikora: eskolaegokituak@gkef-fgda.org.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!