'Gure bizipoza, guztiona' dokumentala eta dokuweba aurkezteko, ekitaldia gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 28a, 00:00

Biterin izango da, 19:00etan hasita, Bizipoza elkartearen bi egitasmoen aurkezpena.

Hitzordu berezia jarri du gaur, Hernanin, Bizipoza Elkarteak. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten 35 elkarte hartzen ditu bere barnean Bizipozak, eta horien zeregina, helburuak eta lana aditzera emateko, hainbat dokumental txiki egin ditu.

Horrela osatu du Gure bizipoza, guztiona dokumentala, 20 minutu ingurukoa; eta 35 elkarteen dokumental txiki horiek guztiak biltzen dituen dokuweba, bakoitza hiru minutu ingurukoa. Bi egitasmoak aurkez­tera dator Hernanira, gaur arratsaldean. Biteri kultur etxean jarri dute zita, 19:00etan hasita.

 

Kirolari, bertsolari, musikari eta dantzariak, aurkezpenean

Anabel Arraizak egingo du dokumentalaren eta dokuwebaren aurkezpena, eta beste hainbatek ere hartuko dute parte, Biteriko ekitaldian.

Horrela, bertan izango dira Hernaniko Ttarla Dantza Taldeko kideak, Eli Pagola hernaniarra eta Ane Labaka bertsotan, Patxuko Nice musikaria, Ene Kantak taldea, edota Nahikari Garcia eta Mariasun Quiñones Realeko futbolariak.

Bizipoza osatzen duten elkarteen artean daude, besteak beste, Juneren Hegoak, Pausoka, Etiopia Utopia, Super H, Seaska edota Oporrak Bakean. Informazio gehiago, elkartearen webgunean: bizipoza.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!