Izena emateko azken egunak, Telmo Trenorrekin bideoklipa grabatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 28a, 00:00

Telmo Trenorrekin lan egiteko aukera izango dute gazteek.

BeatEROAK esperientzia pilotuan hartuko du parte Gaztelekuak. Rap abesti bat sortu ahal izango dute gazteek.

Gaztematikak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako egitasmoa da BeatEroak, eta esperientzia pilotu hau hiru herritan jarriko da martxan; besteak beste, Hernanin, Gaztelekuaren bitartez.

Egitasmoaren helburua da 12 eta 16 urte bitarteko gazteek Telmo Trenor beatmaker ezagunarekin rap abesti bat sortzea eta bideoklipa grabatzea.

 

Rap abesti baten errimak eta bideoklipa

Parte hartzen duten gazteek aukera izango dute rap abesti bat nola egin ikasteko. Telmo Trenor beatmaker ezaguna da, eta Maps edo Heat bezalako lan entzutetsuak eginak dauzka, baita DJ saioak eman ere. Berak sortutako oinarrien gainean hitzak eta errimak josi ahal izango dituzte gazteek, beti ere, hitza hartuta. Gazteak izango dira aldarri ezberdinen arteko lotura eta hitzarekin jolasteko aukera izango dutenak, ulertzeko, abestien sortze prozesua nolakoa den barrutik, eta esperimentatzeko aukera izateko. Era berean, gazteei kezka sortzen dieten gaien inguruan nola hausnartu eta kezka horiek errimetara nola eraman ere landuko da Trenorrekin.

Hori guztiaz gain, bideoklip bat egiteko ere aukera izango da.

 

Izena, bihar arte

Parte hartu nahi duten gazteek izena eman behar dute aurretik. Telmo Trenorrekin saioa martxoaren 13an egingo da, datorren ostiralean, arratsaldeko 16:30etatik 19:30etarako tartean, Gaztelekuan bertan.

Izen-ematea, berriz, bihar bukatuko da, parte-hartzea mugatua baita. Izena ere Gaztelekuan bertan eman behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!