antzerkia

'Ni munduko txarrena', Antzoki Zaharrean

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 27a, 00:00

Ainara Ortega tartean dela, bere azkeneko lana estreinatuko du Vaivenek, bihar eta etzi euskeraz, eta igandean gazteleraz.

Ainara Ortega aktore eta abeslari hernaniarra Ni munduko txarrena antzezlanean ariko da bihar eta etzi Donostiako Antzoki Zaharrean. Vaiven antzerki etxearen azken lana da eta estreinaldia izango da biharkoa, 20:00etan. Sarrerak 18,10 euroan daude salgai. Igandean ere emanaldia egongo da gazteleraz. Musikala da eta Ortegak, abeslari eta aktore lanez gain euskerazko testua edo gidoia ere idatzi du.

Olga Margallo da zuzendaria eta Iñaki Salvadorrena jatorrizko musika. Parte hartuko duten aktoreak: Itxaso Quintana, Nerea Gorriti, Ainara Ortega, Dorleta Urretabizkaia eta Ugaitz Alegria dira.

Ni munduko txarrena gaurkotasun haundiko ikuskizun musikala da. Guztiari eta guztiei aurre egiten dien emakume baten istorioa da. Bere bertsoen indarrez, Sor Juana Inés de la Cruzek aginterri dekadente bateko gorte koloniala liluratuko du.

Bertan boteretsuen maitale bihurtuko da, Urrezko Aroaren musa eta bere espiritu menderakaitza oinperatu ezin duen Elizaren biktima. Ikuskizun bitalista da, kolorez, musikaz, edertasunez eta bere garaian jenioa izan zen emakume baten irudimenak kutsatua, gaur egun ere harritzen jarraitzen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!