udala

Hernaniko nerabeen aisialdi ohiturak eta horiek ekar ditzaketen arriskuen azterketa, Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 27a, 00:00

Ikerketaren emaitza gaur plazaratuko da; Biteri kultur etxean, 17:30etan. Herriko 432 nerabek erantzun dituzte bost gairi buruzko galderak.

Hernaniko nerabeek dituzten arrisku jarreren inguruko azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa osatu du Udalak. Ikerketa Etorkintza Elkargoak egin du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du. Ikerketaren helburua da Hernaniko 12 eta 16 urte arteko gazteen eta nerabeen aisialdi- eta aisia-ohiturak aztertzea eta ezagutzea, baita horiek arrisku-jokabideekin duten erlazioa ere. Gainera, Hernaniko nerabeen eta gazteen aisialdirako espazioetako arrisku-praktikei lotutako aldagaiak edo elementuak ezagutzeko lagungarria izan da. Ikerketa lan hori osatzeko Hernaniko ikastetxeen laguntza ezinbestekoa izan da. 432 nerabeei inkesta bat pasa zitzaien; 217 neska eta 215 mutil.

Gazteen zuzeneko iritzia jaso zen, baita nerabeekin lan egiten duten elkarteena ere
Bost gai nagusiren inguruan galdera sorta erantzuteko eskatu zitzaien: aisialdi-ohiturak, substantzien kontsumoa, internet, sare sozialak eta bideojokoak, ausazko jokoak eta apustuak, eta harreman interpertsonalak.

Horretaz gain, alderdi kualitatiboa osatzeko hainbat eztabaida saio egin ziren. Gazteen zuzeneko iritzia jaso zen, baita nerabeekin lan egiten duten hainbat elkarte, profesional eta gurasoen iritzia ere.

Lan horren emaitzak ezagutzera emateko, Etorkintza Elkargoak ikerketaren aurkezpena egingo du Biteri kultur etxean, gaur 17:30etan. Ordubeteko aurkezpena izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!