udala

Kostuak eta diru sarrerak orekatzeko %0,8 igoko dira Udal ikastaroetako tasak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 27a, 00:00
Astearteko Plenoan, Esti Aldeiturriaga, Xabier Lertxundi, Koro Etxeberria eta Oier Agirresarobe

Aho batez onartu zen igoera; besteak beste, kiroldegiko ikastaro, musika eskola, kultur arloko ikastaro, Udal Euskaltegi eta jangelarako. «200 eurokoetan, igoera ez da bi eurora iristen», azpimarratu zuen Isa Sanchez zinegotziak.

Pleno lasaia izan zen asteartekoa Hernanin. Deialdian plazaratutako puntu guztiak onartu ziren eta ordenantza fiskalen aldaketaren inguruko hiru puntuak aho batez onartu ziren. Isa Sanchez zinegotziak hartu zuen hitza eta aldaketen hiru puntuak banan-banan azaldu zituen, eta ondoren, aho batez onartu zen bakoitza.

Sanchezek azaldu zuen, errealitatera egokitu behar dela, esaterako, jabetza publikoa okupatzeagatik tasen ordenantza. Otsaileko tasetan, igoera %0,8koa izango da, urrian bezala: «kostuen eta diru sarreren artean oreka behar da». Ados agertu ziren alderdi guztiak. «Ikastaro asko 200 euro inguru kostatzen dira, eta igoera ez da bi eurora iristen».

Udal etxebizitzen kudeaketari buruzko erabakia, aho batez onartu zen: hutsik dauden zuzkidurazko bizitokiak 35 urte azpiko pertsonei alokairu erregimenean esleitzea ahalbidetzea, eta araubide berezirik ez duten etxebizitzen esleipenerako baldintza eta irizpideak bateratzea erabaki zen.

Andoni Amonarraiz EAJko bozeramailearen hitzetan baldintzetan akatsak zeuden, esaterako 70 urtean etxebizitzan jarri den batek 75 urtekin utzi behar izatea. Ados agertu zen Xabier Lertxundi alkatea, eta adierazi zuen, proiektu berritzaile bat lantzen ari dela Udal Gobernua, eta aurten argitaratuko dela.

Zazpigarren puntuan OinHerri, Herri hezitzaile sarean parte hartzeko akordioa onartu zen 18 aldeko botoekin eta Podemos Ahal Duguren abstentzioarekin.

Erregu eta galderetan, Ernai Gazte Antolakundeak idatzi bat irakurri zuen, Ustelen legea errautsa eta kea izenburupean. Horrela, erraustegia eta ustelkeriaren aurka azaldu ziren; eta era berean, deia egin zuten, gaur 12:00etan Donostian, eta etzi 19:00etan Lasarten egingo diren mobilizazioetara batzeko. Ahal Dugu eta EH Bildu mobilizazioen alde agertu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!