Udala

Martxoaren 9ra arte eska daiteke etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza Udalean

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 26a, 00:00

Guztira 219.000 euroko partida bideratuko du Udalak eta bi modalitate ditu: gazteena, 18-35 urte bitarte, eta helduena 36 urtetik gora.

Etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak martxan jarri ditu Udalak. 2015 urtean hasi zen Hernaniko Udala ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratutako laguntzak eskaintzen. Dirulaguntza horiek bi helburu nagusi dituzte: gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea. Deialdia Hernaniko herrian alokairuan bizi diren 18 urtetik aurrerakoei zuzendua dago. 


Dirulaguntzak bi modalitate ditu: gazteena (18-35 urte bitartekoena) eta helduena (36 urtetik gorakoena). Guztira, 219.000 euroko partida bideratuko du Udalak horretarako. 


Eskaera egiteko epea zabalik dago, 2020ko martxoaren 9a arte. Eskaera-orria eskuragarri dago udal webgunean eta Herritarren Harrera Zerbitzuan. Eskaera-orria egoki bete eta beharrezko dokumentazioa atxikita udal erregistroan aurkeztu behar da. 


Aurreko urteetan eskatzaile izan bazara, eta dagoeneko eskatzen den dokumentazioa Udalean badago, ez da berriro aurkeztu beharko. Informazio gehiago behar izanez gero, dirulaguntzaren oinarriak udal webgunean edo hhz-n inprimaturik topa daitezke. 


2018 urtean 106 eskaera jaso ziren. 35 urtetik beherako gazteen eskaerak 71 izan ziren eta horietatik 55 laguntzaren onuradun izan ziren. 36 urte edo gehiago zituzten 35 pertsonek eskatu zuten dirulaguntza eta 21 izan ziren onuradun. Beraz, guztira 76 onuradun izan ziren. 


Deialdi berri honetan, oraingoz 32 eskaera daude. Aurreko urteekin alderatuta eskaera gutxi direnez, interesatuei gogorarazi nahi zaie laister amaituko dela eskaera egiteko epea eta epea amaitu ondoren ez dela eskaerarik onartuko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!