Defentsako bonusa sari exkaxa, Santboiana oso estu hartu ondoren

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 24a, 00:00
Lanak izan zituzten Santboianako jokalariek, Loketi Manu gelditzeko. Korrikaldi ederrak egin zituen Zeelanda Berrikoak.

24-27 galdu zuen Hernanik Landaren, hasieratik bukaerara oso berdindua izan zen partiduan.

Pronostikoak eta sailkapen kontuak alde batera utzi, eta begietara begiratu zion Hernanik atzo, Landaren, Santboianari. Oso partidu berdindua jokatu zuten bi taldeek, hasieratik bukaerara; baina azkenean, kataluniarrek lortu zuten garaipena: 24-27 nagusitu ziren.

Horrela, puntu bakarra eskuratu zuen Hernanik, defentsako bonusari dagokiona: sari exkaxa, partidua nolakoa izan zen ikusita, eta trikoloreek duten garaipen beharrarekin.

Partidua hasi eta berehala, Hernani aurreratu zen markagailuan, Loketi Manuren zigor kolpearekin. Bazirudien zelaiko berdintasuna, bere kalitatearekin hausten hasiko zela Santboiana, zigor kolpe eta entsaio bana lortu zituenean (3-10); baina formula berarekin erantzun zion Hernanik, atsedenaren au­rretik: Peru Ormazabalek entsa­ioa, Manuk transformatu, eta beste zigor kolpe bat gauzatu Manuk berak, atsedenera aurretik iristeko (13-10).

Bigarren zatiko aurreneko jo­kaldian, ordea, aurreratu egin zen Santboiana, beste entsaio ba­tekin (13-17). Baina zaleen bul­tzadarekin, kolpe bakoitzari eran­tzuten asmatu zuen Hernanik. Zigor kolpea lortu zuen Manuk, beste bat kataluniarrek, eta berriro Manuk erantzun (19-20). Entsaioa ere gertu izan zuten trikoloreek, maulekin eta Manuren korrikaldi ederrekin bereziki, baina ezin gauzatu. Eta 10 minuturen faltan jaso zuen kolpe gogorrena, bere zelaian bandako sakea huts egin, eta entsaioa jaso baitzuen (19-27).

Bukaerara arte saiatu zen Her­nani, eta baita entsaio bat lortu ere, Xabat Erroizenearen eskutik (24-27); baina markagailuari buelta emateko denborarik gabe, ordurako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!