«Xaxiren epaiketarekin, benetako justizian ez duela sinisten erakutsi du estatu espainiarrak, beste behin»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 24a, 00:00

Asier Ezeiza 'Xaxi' hernaniarra epaituko dute gaur eta bihar, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Estatuaren «jarrera ankerra» salatu du Sortuk.

Gaur eta bihar epaituko dute, Es­painiako Auzitegi Nazionalean, Asier Ezeiza Xaxi preso politiko hernaniarra. Eta epaiketaren atarian, «estatu espainiarraren jarrera ankerra» salatu nahi izan du Hernaniko Sortuk.

«Otsaila hasieran eraman zuten Xaxi Soto del Realeko kartzelara, estatu frantseseko kartzeletatik; eta ordutik, lehenengo graduan daukate», nabarmendu du. Eta gaineratu du: «gatazka politikoak sortutako ondorioen konponbidearen aurka doan beste epaiketa baten aurrean gaude. Estatu espainiarrak beste behin erakutsi digu, ez duela benetako justizian sinisten. Ez duela egia eta erreparazioa bilatzen».

Zentzu horretan, Sortuk kritikatu du, «jada kalean egon behar zuten euskal herritarrak» epaitzen jarraitzen duela Estatuak, «mendeku goseak bultzatuta». Horregatik, «irmoki» salatu du estatu espainiarraren jarrera, Asier Ezeizaren epaiketaren aurrean.

«Argi daukagu bidea zein den, herri mobilizazioa da tresna»

Era berean, Sortuk azaldu du, «bi estatuen jarrera hori izanda ere», argi daukala bidea zein den: «herri mobilizazioa dugu tresna eraginkorrena. Esparru desberdinetan lanean ari garen Herri Mugimenduko kide guztion bultzada behar dugu, preso, iheslari eta deportatu politikoen aferari irtenbide bat emateko, eta guztiak etxera ekartzeko».

Horregatik, deia luzatu du: «borroka dezagun elkarrekin, preso politikorik gabeko Euskal Errepublika eraikitzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!