BIZIGUNE PROGRAMA

Bizigune programa, etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 22a, 00:00
Udal ordezkari guztiek eta eragile sozialek osatzen dute Etxebizitza Mahaia.

Asteazkenean bilera informatiboa egingo da programaren inguruan, etxe hutsen jabeei zuzenduta, 18:30etan udaletxean.

Udal ordezkari guztiek eta hainbat eragile sozialek osatzen dute Etxebizitza Mahaia, eta Bizigune programa sustatzeko Alokabiderekin adostutako lankidetza hitzarmenaren berri eman zuen atzo.
Oier Agirresarobe zinegotziak azaldu bezala, «Bizigune Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, hutsik dauden etxeen jabeei zuzendua. Hainbat abantaila eskaintzen dizkiete». Honekin, «alokairuaren aldeko apustua» egitea da helburua, Xabier Lertxundi alkatearen esanetan.

Programaren berri, 
asteazkeneko bileran
Bizigune programaren bidez etxe hutsak alokairura bideratzen dira. Horretarako, etxe huts horien jabeei «abantailak eskaintzen zaizkiete». Batetik, «etxe hutsaren errentamenduarekin ez kezkatzeko, 6 urteko akordioa sinatzen dute etxe jabeak eta Jaurlaritzak, eta azken hau arduratzen da kudeaketa lanez, baita mantentze lanetaz ere». Era berean, «jabeek bermatuta izango dituzte 6 urte horietan errentaren diru-sarrerak, baita etxea hutsik geratzen bada ere». Gainera, «etxea bizitzeko moduan ez dagoela-eta, obraren bat egin behar izanez gero, diruz laguntzen da jabea, eta interesik gabeko maileguak eskaintzen zaizkio». Horrez gain, «energia ziurtagiria lortzeko tramiteekin ere lagutzen du programak».
Programan parte hartzeko erabakia etxe hutsen jabeena da, eta Udalak ezin du tartean sartu, baina parte hartzera animatu nahi ditu. «Alokairu soziala indartzeko helburuarekin, 500 bat gutun bidali dizkiegu, hutsik daudela kalkulatzen dugun etxeen jabeei».
Bertan, datorren asteazkeneko bilera informatiboaren berri ematen da. Bizigune programako arduradun bat udaletxea izango da hilaren 26an, arratsaldeko 18:30etan, programaren inguruko xehetasunak eman eta bertaratutakoei sortzen zaizkien zalantzan guztiak argitu ahal izateko.

Etxebizitza duina, oinarrizko eskubide
Programaren berri emateaz gain, atzokoan Etxebizitza Mahaiak gogorarazi zuen «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak etxebizitza duina izateko eskubidea oinarrizko eskubide gisa aitortzen» duela, eta «Hernanin ere hori bermatzeko zailtasnak» badirela. 
Hala ere, Xabier Lertxundi alkateak gogorarazi zuen «Udalak eskumen urriak» dituela alor horretan lan egiteko, baina horretarako sortu zela Etxebizitza Mahaia aurreko legegintzaldian, «zein politika bultzatu daitezkeen adosteko».
Ildo horretan, «Udalak alokairu sozialaren aldeko apustua» egiten duela argitu zuen, bi neurriren bitartez: etxebizitza parke publikoa haundituz (67 bizitzak osatzen dute egun), eta etxe pribatuen kasuan, hutsik daudenei IBI %100eko kargua eginez, eta alokairurako diru-laguntzak emanez. Gogorarazi zuten martxoaren 9ra arte eskatu daitezkeela alokairua ordaintzeko laguntzak. Udalaren webgunean daude eskaera orriak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!