Antzerkia

«'Esnatu naiz'ekin gozatzen ari naiz eta Hernanin emanaldia eskaintzea asko gustatuko litzaidake»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 22a, 00:00
Andoni Mutiloa Hernaniko Ave María parkean.

Andoni Mutiloa hernaniarra eszenatokira igo da bakarrik lehenengo aldiz 'Esnatu naiz' kabaretarekin. Oraingoz lau emanaldi eman ditu eta beste bi emanaldi ere hitzartu ditu.

Andoni Mutiloa (1976) hernaniarra oholtza gainera igo berri da Esnatu naiz kabaretarekin. Lau emanaldi eman ditu oraingoz eta asko gozatzen ari dela azpimarratu du «nire lehendabiziko sorkuntzan». Gainera hernaniarra izanik herrian bertan emanaldia eskaintzea asko gustatuko litzaioke.

Mutiloak ideiak beti izan ditu buruan, baina inoiz ez zen horrelako sorkuntza lan batean aritu. Bere egunerokotasuneko kazetari lanean eszedentzia hartu zuen eta horrek bide eman zion ideia horiek garatzeko eta hortik sortu da bere lehenengo obra. Bertan denetarik egiten du eta bakarka. «Abestu, dantzatu, antzeztu... eta dena bakarrik 35-40 minutu irauten duen kabaretean. Azkenean Esnatu naiz hori da, kabarete bat».

Pello Euskal Herri txikitik Londresera joan da artista izateko
Protagonista Pello da. Gipuzkoako herri txiki batean kokatzen duen gazte bat. Euskalduna  eta baserritarra. «Pello konturatzen da bere egunerokotasunean ezin duela bera izan. Bere nortasuna eta egunerokotasuna ez datoz bat. Heldutasunean, hortaz konturatzen denean, erabakitzen du Londresera joatea. Bertan lortuko du artista izatea eta bere ametsa gauzatzea. Obra hasten denean Pello Londresen bizi da eta Elur da bere izen artistikoa edo alter egoa. The Pink Flamingo klubean egiten du lan  bertan bere showa du eta jende asko gerturatzen da bera ikustera. Ohiko showa egiten ari dela, bat-batean ez da gai aurrera egiteko, zerbait gertatzen zaio; gatazka bat sortu zaio eta negarrez hasiko da. Hor abiatzen da benetan nor den kontatzen, nondik datorren eta zer nolako bizipenak izan dituen ordura arte azken hamar urteetan. Obran hori erakusten det».

Obran zehar ikusi daiteke zer bizipen eta aldaketa izan dituen Pelloren bizitzak maila pertsonalean, batez ere, eta profesionalean. 

«Gatazka batetik sortzen den kritika eta aldarrikapena egiten ditu Pellok»
Gatazka hori nondik datorren Andoni Mutiloa berak azaltzen du, nahiz eta ez duen gehiegi sakondu nahi. «Obraren muinetako bat delako» dio. «Bukaeran agertzen da. Lan honetan kritika bat dago. Pellok atzerrira joan behar du ezin duelako bera izan bere sorlekuan, bere etxean, bere herrian... ezin du. Oso pozik eta harro dago egin duen ibilbideagatik, baina, aldi berean, minduta dago eta erabakitzen du Londresen bizitzea; ez agian horrela nahi duelako, gustatuko litzaioke Euskal Herrian bizitzea, baina ez da posible. Ez du ikusten Euskal Herria prest bera bezalako pertsona bat bere osotasunean onartzeko. Hor sortzen da gatazka, eta bere kritika dago».

Pello transformista da, bere showan horrela da eta zentzu horretan azken urteetan eraldaketa haundia izango du arlo pertsonalean. «Trans kolektiboaren barruan sartuko litzateke, nahiz eta berak ez dizkion etiketak jarri nahi bere buruari. Azkenean aldarrikapen bat ere badago. Trans bat Euskal Herrian ezin da lasaitasunez bizi oraindik. Bizi daiteke? Bai, lasaitasunez eta herri batean? Ez». Mezu hori adieraztea da Mutiloarentzat garrantzitsua sorkuntza honetan. «Egia da azken urteetan asko aurreratu dela eta pausoak eman direla, baina nire iritzirako, Andoni moduan, oraindik ez dago gizartea prestatua. Bizi ahal izango da, baina eroso ez. Asko dago egiteko benetako normaltasun batera iristeko. Gure mentalitatea edo pentsamoldea asko aldatu behar da horretara iristeko».

«Gure nortasuna eta gure egunerokotasuna bat al datoz?»
Andoni Mutiloak sinesten du istorioan, oso ongi pasa du hori sortzen, baina berarentzat inportanteena da hausnartzea: «gure nortasuna eta gure egunerokoa bat al datoz? Galdera horretatik abiatuta sortu zen prozesu osoa, ze nik ere galdera hori egin nion neure buruari. Nire kasuan ikusi nuen hutsune haundiak zeudela. Sormenari ez diodala eman nire bizitzan zeukan garrantzia». 

Obra honen bitartez, eta azken urteetako bizipenen bitartez, Andoni bera hori orekatzen ari da eta izugarrizko oparia izan dela dio. 

Donostian antolatzen den Poltsiko antzerki zikloaren deialdira aurkeztu zuen obra Mutiloak, eta bertan aukeratutako bi antzezlanen artean zegoen Esnatu naiz. Ateak ireki zizkion obra estreinatzeko. «Lau emanaldi eskaini ditut Donostiako lau tabernatan. Urtarrilaren 29an izan zen estreinaldia Botanika tabernan. Gero Herrerako El Nidon, Sagüeseko Scannerren eta Egiako La Tabernan eskainiko ditu emanaldiak».

«Lortu dut pertsonaian sartzea eta gozatu egin dut. Kriston oparia izan da niretzat»
Andoni eszenatokian aritutakoa da aurretik, taldean; euskal dantzetan urte asko egin eta gero, antzerkian ere taldean ibili da, eta bere kazetari lanean ere jendearen aurrean aurkezle lanetan ohitua dago, baina lan honek ez du zerikusirik. «Bat-batean ni bakarrik eszenatokian nago antzezten, kantatzen eta dantzatzen. Nire bizitza osoan egin ez dudana. Kamikaze izan naiz. Nahi dudana egin dut. Ez nekien nola moldatuko nintzen gainera pertsonaia  honekin. Pello eta Elurren azalean sartzea erronka haundia izan da maila artistikoan eta pertsonalean. Transformista bat, baserritarra... erregistro asko zituen eta ez zait erraza egin pertsonaian sartzea eta eroso egotea, baina lortu bakarrik ez, gozatu egin dut. Hori niretzako izugarrizko oparia izan da». 

Kaberetea tabernetan aurkeztu izana oso baliogarria izan da bere ustez. «Jendearengatik oso hurbil zaude, hori gustatzen zait eta hori nahi dut. Lekua ez da erraza, eta erronka izan da. Denbora guztian oholtzan nago. Erritmo bizia du eta oso pozik nago».

Botanikan egin zuen estreinaldia arrakastatsua izan zen. Txiki geratu zen Botanika, tabernak betetzea errazagoa dela konstziente izanda. «100 pertsona baino gehiago sartu ziren, leporaino beteta, eta kanpoan geratu zen jendea. Poltsiko antzerkiak ohitura edo tradizio haundia du eta gainera lagun eta ezagun asko joan zen ikustera. Flipatu egin nuen. Urduri nengoen hasieran, baina indar gehiago zuen aurkezteko nuen gogoak. Gai izan nintzen emanaldian gozatzeko. Aldi berean, oso sartuta nengoen nire lanean eta kanpoko perspektiba galdu egin nuen. Hurrengo egunean galdetzen nion neure buruari nola izan nintzen gai egiteko. Amets bat bezala izan da, amets bat gauzatzea».

«Sinisten dut mezuan eta nahiko nuke jarraitu mezu hori zabaltzen»
Proiektuan sinisten du %100ean Mutiloak eta zerbait ederra sortu duela pentsatzen du. «Mezuan sinisten dut eta nahiko nuke jarraitu mezu hori zabaltzen. Hurrengo urratsa emanaldi gehiago eskaintzea da».

Orain erabakiak hartzeko garaia da. Ikuskizuna sortua dago. Gauza batzuk aldatuko lituzke, osatu, luzatu... baina egia esan «gaur bertan aurkezteko moduan dago. Bi emanaldi gehiago lotuta ditut; bat Bilbon eta bestea Zestoan. Beste bi proposamen ere izan ditut. Obra Gipuzkoan eta herrian ikusten ditut eta antzerki ertainetan, nahiz eta hurrengo emanaldia Bilbon izan martxoan. Zestoan ekainean emango dut antzerki astean». Eta noski hernaniarra izanda herrian taularatzea gustatuko litzaioke. «Ilusioa haundia egingo lirake. Nire herria da, asko gustatuko litzaidake».  

 

Andoni Mutiloari Egiako  labanderia batean egin zioten promoziorako argazkia.
 

«Amancay Gaztañagak eta Eneko Balerdik asko lagundu didate»

Andoni Mutiloak irratian eszedentzia hartu eta hain gustokoa duen sorkuntzari denbora eskaini dio Errenterian, Donostian eta Zestoan.

Andoni Mutiloa kazetaria eta irakaslea da. Irakaskuntzan aritu da eta Euskadi Gaztean eta Euskadi Irratian aritu izan da urte askotan. Orain ia bi urte eta erdi eszedentzia hartu zuen irratian eta buruan beti izan dituen sormeneko ideiak gauzatzeko aukera ikusi zuen. «Ez nintzen inoiz jartzen ideia horiek idazten edo gauzatzen. Esnatu naiz obraren abiapuntua etenaldi horretan dago. Hasieran ideia bakarrik zen; euskaldun bat, baserritar bat nolabait Beyoncé edo artista izan nahi duena eta atzerrira joaten dena. Kanariar irletan nengoenean ekaitz denborale bat sartu eta orduan, etxean negoenean hasi nintzen forma ematen». 

Duela urte eta erdi berriz heldu zion proiektuari. «Donostian berrekin nion aurretik idatzi nuen gidoi horri. 2019ko urtarrilaren 1ean bukatu nuen idaztez lehendabiziko bertsioa». Fikzioan oinarritutako historia da, baina Andonitik asko du historiak eta hori paperean idazteak asko poztu zuen. Hori bai, horrekin zer egin zen hurrengo pausoa eta eszenara eraman nahi zuen. Horretarako laguntza behar beharrezkoa izan du Mutiloak ez baitzuen aurretik horrelako lanik egin. Euskal dantzetan ibili zen, antzerkian modu ez profesionalean aritu zen aurretik afizio moduan; bere ametsa abeslari eta aktore izatea izan baita. «Hau egin nahi dut esan nuen, baina ezagutza falta zitzaidan. Horrela, ate batzuk jo nituen eta laguntza eskatu nuen. Zestoara antzerki tailer batzutan hasi nintzen aurreko urtean Amancay Gaztañaga irakaslearekin».   

Errenteriako eszena jaialdian parte hartu zuen talde batekin eta hiru emanaldi egin zituen kalean. «Sorkuntzari denbora eskaitzen hasi nintzen, baita dantzari ere, nolabait zaletasunari bere lekua ematen. Gaztañagaren laguntza ezinbestekoa izan du hernaniarrak. Poltsiko antzerki jaialdian deialdiak aurkeztu daitezke eta bi aukeratzen dituzte. «Amancayri esan nion deialdian parte hartuko nuela eta nahiz eta aukeratua ez izan, zerbait egin nahi nuela. Laguntza eskatu nion nik idatzitakoari forma emateko eta berak baietz esan zidan. Deialdian aukeratu egin ninduten eta hiru hilabete nituela hori egiteko esan zidaten».

Gaztañagaren laguntzarekin idatzia antzerkira moldatu dute. Nire idatzia gehiago nobela txiki bat zen. «Azken hiru hilabete horietan hortan aritu naiz, prestatzen. Akziora pasa behar zen lana eta gomendio batzuekin garatu dut lana, bere aholkularitzarekin».
Errenteriako dantzagunean, Donostiako dantza eta musika eskolan eta Zestoako antzerki eskolan prestatu du obra. «Dantzan erosoago sentitzen naiz, baina ez naiz koreografoa eta hor laguntza izan dut Eneko Balerdirekin. Aiako dantzaria eta kasualitatez Pelloren pertsonaia idazterakoan Eneko burura etortzen zitzaidan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!