GAZTELEKUA

Telmo Trenorrekin bideoklipa grabatzeko aukera, hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 20a, 00:00

BeatEroak egitasmoan, beatmakerrarekin rap abestia sortu eta bideoklipa grabatzeko aukera izango dute 12-16 urtekoek, martxoaren 13an. Izena eman behar da, otsailaren 29era arte.

BeatEroak esperientzia pilotua jarri dute martxan, nerabeei zuzenduta; eta horretan parte hartuko du Hernaniko Gaztelekuak, Gaztematika, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko udalekin batera.
Hori horrela, Hernaniko nerabeek aukera izango dute, Telmo Tre­­nor beatmakerrarekin rap abes­­ti bat sortu eta bideoklipa grabatzeko. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta martxoaren 13an egingo dute, ostiralarekin, Gaztelekuan bertan. Arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara izango da.
«Telmo Trenorrek esperientzia luzea du beatmaker munduan. Ezagunak dira Maps edo Heat izeneko lanak, eta baita bere DJ saioak ere. Musika ekoizteaz gain, askotan eman ditu DJ ikastaroak, batik bat Donostian», azaldu dute.

Abestien sortze prozesua ezagutzeko aukera, «tripetatik»
Martxoaren 13ko saioan, rap abestiak nola egiten diren erakutsiko die gazteei, eta elkarrekin josiko dituzte hitzak eta errimak, berak sortutako oinarrien gainean. Bideoklipa egingo dute, ondoren.
Nabarmendu dute, gazteena izango dela hitza, egitasmoan: «aldarri ezberdinen arteko lotura egin, eta hitzarekin jolasteko aukera izango dute. Egitasmoaren helburua da, horrelako abestiak sortzeko prozesua tripetatik ezagutzea, eta nerabeei aukera ematea esperimentatzeko, profesional baten laguntzarekin». Eta era berean, landuko dute nola hausnartu gazteei kezka sortzen dieten gaien inguruan, eta nola eraman kezka horiek errimetara.

Izena emateko, hamar egun
Egitasmoan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, Gaztelekuan bertan. Otsai­laren 29a da azke­neko eguna, eta mugatua da partaide kopurua. Egun horretatik martxoaren 13ra bitarte, prestatzeko zenbait saio egingo dituzte, apuntatu diren gazteekin.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!