KULTUR ONDAREA

Haritz Muñoa historialariak jasoko du Hernaniko kultur ondarea aztertzeko beka

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 20a, 00:00

Haritz Muñoa historialari hernaniarrak jasoko du aurtengo beka.

'Hernaniko kultur ondarea berrikustea eta eguneratzea' proiektua aurkeztu zuen hernaniarrak, eta lanaren helburua da «herrian dauzkagun elementuak ezagutarazi eta horiei buruzko informazioa herritarren eskura jartzea».

Haritz Muñoa historialari hernaniarrak jasoko du beka, herriko kultur ondarea aztertzeko. Aurkeztutako proiektuen artean, Muñoarena aukeratu du epaimahaiak: Hernaniko kultur ondarea berrikustea eta eguneratzea». Honako hiru kideek osatu dute epaimahaia: Juan Ignacio Elizondo arkitektoak, Alfredo Moraza Aranzadiko zientzialariak, eta Koro Etxeberria kultura zinegotziak.
Bere lanarekin, Muñoaren helburua da Hernaniko kultur ondarearen «garrantzia» azpimarratzea: «herrian dauzkagun elementuak ezagutarazi eta horiei buruzko informazioa herritarren eskura jartzea». Horretarako, bere eginbehar nagusia izango da «elementu horien analisia, eguneratzea eta errebisioa» egitea, eta «arreta berezia» jarriko du Hernaniko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako katalogoetan jasota edota sailkatuta dauden elementuetan.
8.000 euroko beka jasoko du Haritz Muñoak, horretarako; eta bederatzi hilabeteko epea izango du, lana bukatzeko.
Behin lana bukatuta, «gida moduko bat argitaratzea» aztertuko du Hernaniko Udalak, jakinarazi duenez.
Historian lizentziatua da Haritz Muñoa, eta Dokumentazioaren, Artxiboen eta Liburutegien kudeaketan ikasketak egin ditu, eta baita Kultur Ondarearen, Artxibo Historikoen eta Liburutegien zuzendaritzan ere, besteak beste. Dagoeneko hasi da, proiektuan aurkeztutako lana burutzen.

Aurreko deialdiko bi proiektuak, laster ikusgai
Udalak jakinarazi du, bestalde, ondarea.hernani.eus webgunean ikusi ahal izango direla, aurreko deialdiko bi proiektuak, 2018-2019koak. Dagoeneko ikusi daiteke Azeridantza dokumentala, Dobera Euskara Elkartearena; eta laster jarriko dute Hernaniko industria-ondarea Urumea bailaran zehar lana, Miren Garcia Dalmau eta Alfredo Moraza Berazarena. Eta horiekin batera, argitaratuko dituzte egindako beste hainbat ekarpen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!