Boleibola

Mutil nagusiek galdu, Navarvolei liderraren aurka

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 18a, 00:00
Nesken taldeak erraz irabazi zuen.

Nahiz eta partidu ona jokatu Euskal Ligan, mutilek 1-3 galdu zuten. Neskek erraz irabazi zuten Gipuzkoako Ligan Arantzazuko Aman kontra 3-0.

Teknikoki maila haundiko partiduak jokatu dira aste bukaera honetan, emaitzak onak ez izan arren kasu guztietan, gozatu  egin dute boleibol partiduak ikustera hurbildu direnek. Mutilek Euskal Ligako lehenengo sailkatua hartu zuten etxean eta Navarvolei taldeak argi utzi zuen zergatik den liderra 1-3 irabazi eta gero hernaniarrei. Denboraldiko partidurik onena ikusi zen, bi taldeak nor baino nor  hasieratik amaiera arte, ia ehun minutuko partiduan. Etxekoek denboraldiko partidu onena jokatu zuten eta aurkariek ere merezi zuen horrelako partidua irabaztea. Jokoak 20-25, 19-25, 25-20 eta 25-27 izan ziren, baina gustora geratu ziren jokalariak, egin zuten partiduarekin. Emaitzak moralki indarra emango dio taldeari. Larunbatean Bera Bera bigarren sailkatuari bisita egin behar dio Hernanik eta berdin jokatuz gero irabazteko aukerak izango ditu.
Senior neskek, Arantzazuko Amaren aurka, ez zuten arazorik izan. 25-14, 25-14 eta 25-8, 3-0 irabazi zuten eta aurrenak dira sailkapenean. 
Kadete neskeei dagokionez lehenengo urtekoak Arantzazuko Amaren aurka galdu zuten 3-0 eta bigarren urtekoak Fortunaren kontra emaitza berdinarekin galdu zuten etxean 0-3. Oraingoan donostiarrek irabazi zuten, baina bi taldeak oso maila berdinean daude. Bien artean erabakiko da aurtengo txapelduna eta hemendik denboraldi amaierara arte hoberen lan egiten duenak irabaziko du Liga.
Infantil neskek garaipenak lortu zituzten Donostialdean; Lehenengo urtekoek Peñafloridaren etxean eta bigarren urtekoak Fortuna Txikiren aurka. Lehenengo eta hirugarren postuetan daude ezin hobeto azken txanparako. Denboraldi ederra egiten ari dira

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!